ALBISTEAK

Ibilbide "eroso, polit eta atsegina" prestatu dute Kilometroak 2017ko antolatzaileek

Miren Arregi Amasorrain 2017ko uzt. 20a, 09:40

5,8 kilometro ditu eta 1989ko Kilometroetako ibilbidean du oinarria aurtengo irailaren 24rako prestatu dutenak. "Gaurkotu egin dugu, herria ere aldatu delako, baina oinarrian orduko hura da", adierazi dute antolatzaileek.

Herriko plazan hasi, Kale Barrian gora segi eta San Martinera iristen da ibilbidea. Handik, Murgia auzoko Asentziora eta gero Santa Lutziara. Santa Lutziatik herrira eta Bidebarrietatik plazako gunera. Ibilbide horretan, lau gune nagusi igaroko ditu bisitariak. Plaza, San Martin, Asentzio, eta Santa Lutzia. Eroskiko aparkalekuan, artisauen eta euskal kulturgintzaren txokoa egongo da.

Atzo aurkeztu zuten zirkuitua antolatzaileek, Asentzion, ibilbidearen gune erreferentziazkoa izango den horretan. Hirugarren gunea kokatuko da hor irailaren 24an, eta bertan egingo dira eguneko kontzertu aipagarrienak. Kutxa Fundazioak babestutako gunea izango da.

Plazakoa, gune nagusia

Gainontzeko guneei dagokienez, lehenengoa plazakoa izango da. Bertan burutuko da irekiera
ekitaldi nagusia eta hau izango da bisitari guztientzako abiapuntua. Gune hau bi zatitan banatuko da. Zati bat plazan kokatuko da. Rural Kutxak babestutako du eta bertan izango da guneko agertoki nagusia. Adin guztientzako ikuskizunak izango dira bertan. Beste zatia plazako frontoiak osatuko du eta eremu hau nagusiki haurrei zuzendutako gunea izango da. Honetaz gain, Seguratik etorritako laguntzaileei esker, Kiroldegiko kantxa jantoki bihurtuko da eta Luma Gorrik eskainitako oilaskoa dastatu ahal izango da.

Artzain Txakurren lehiaketa, bigarrenean

Bigarren gunea San Martin inguruan kokatuko da eta haurren hiria ekimenean oinarritutako gunea izango da. Horrela gauzak, gaztetxoentzako Natura Abentura parkea eta futbolin erraldoia izango dira bertan aurkituko diren ekintzetako batzuk. Gune honetan ere goizean zehar Oñatin urtero ospatzen den Nazioarteko Artzain Txakurren Txapelketa ospatuko da. Bertan aurreko urteko txapelduna, Euskadiko txapelduna eta azpi-txapelduna, hego Euskal Herriko lau lurraldetako txakur txapeldunak, Iparraldeko txapelduna eta azpi-txapelduna, Kataluniako txapelduna eta azpi-txapeldunekin batera, Frantzia, Bearno, Kastellon eta Mallorkako ordezkariak arituko dira lanean.

Laugarrenean, Erronkako finala

Hirugarren gunea Asentziokoa izango da, eta aurreratu moduan, bertan egingo dira eguneko kontzertu aipagarrienak. Laugarrenari dagokionez, ibilbidea eta egitaraua itxiko dituen gunea izango dela esan behar da. Santa Lutziako ermita inguruan kokatuko da. Bertan Erronkako finala jokatuko da eta Gipuzkoako 22 ikastoletatik etorritako taldeak lehiatuko dira. Talde guztiak 13-15 urte bitarteko gazteez osatuta egongo dira eta egun guztian zehar burutuko diren probetan lehiatu ondoren, azken proba burutuko da hemen.

Santa Lutziatik, Berezaoko industriagunerantz egingo du ibilbideak. Eroskiko aparkalekuan euskalgintza eta artisauak izango dira egun guztian zehar. Bertatik, Bidebarrieta kalerantz abiatuta plazaraino iritsi eta zirkuituaren bira osoa bete ahal izango da.

Egunaren aurretik, ekintza sorta

Irailean, egun handia baino lehen herria girotzen hasteko ekintza desberdinak izango dira. Hala nola, lehenengo astebururako mosaiko erraldoi bat egiteko deialdia luzatuko da eta irailaren 17an Errealeko nesken partidua ospatuko da Azkoagain futbol zelaian. Gainera, herritar guztientzat zabalik izango den drogen kontsumoaren prebentziorako hitzaldia ere izango da.

Klikmetroak

Kilometroak egunaren aurretik ere izango da lekaixoka aritzeko aukera. Uztaila eta abuztuan zehar Klikmetroak ekimena martxan izango da. Klik eginez zirkuitu birtualeko metroak egitea da ekimen honen helburua, guztion artean zirkuituaren bira osatuz. Bertan parte hartzea erraza da: klikmetroak.kilometroak.eus webgunean sartu eta mezu bat uztea nahikoa da. Egiten den metro bakoitzeko, metro hori babesten duten enpresa eta elkarteek ekarpen ekonomikoa egingo dute Kilometroak 2017ren alde.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak