Agur hondakinen informazio bulegoari

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko mar. 2a, 14:46

Hiru urte pasatxo egin ditu zabalik Oñatiko kale Zaharreko bulegoak. Atzo, eguaztena, 13:00etan, itxi zuten. Astelehenetik aurrera udaletxean eskatu ahal izango ditu herritarrak ontziak, txartelak eta olio poteak, arratsaldez. Gainerako intzidentzietarako, Mankomunitatera deitu beharko du.

Duela urtebetetik hona bulegoa birritan zabaltzen zen astean eta zerbitzu horren maiztasuna handitu gura du Oñatiko udalak. Hala, astelehenetik aurrera, egunero izango dute herritarrek aukera kuboak aldatzeko, olio pote berria eskatzeko edo hondakinen gaineko edozein informazio eskatzeko. Udaletxeko harreran egin ahal izango dute hori, 15:00etatik 20:00etara. Gainerako intzidentzien berri emateko, Mankomunitatearekin jarri beharko dira harremanetan bide hauek erabilita: 943 50 47 21 telefonoa edo atezate@debagoiena.com eta hondakinak@debagoiena.eus helbideetara mezua bidalita.

Bestalde, Oñatiko bulegoa ixteak beste herrietakoen ordutegia handitzea ekarriko du, hemen egoten ziren langileak beste bulegoetan egongo dira orain eta. Eskoriatzan eta Bergaran, esaterako, hilabete honetan hasiko dira edukiontziak zabaltzeko txartelak banatzen eta bulegoetako ordutegia zabaltzeak lana erraztuko du.

Konpost egiteko balio duten poltsak lortu gura dituenak herriko denda hauetan du horretarako aukera:

  • San Lorentzoko fruta dendan (San Lorentzo, 18)
  • San Miguel kooperatiban (Kalebarria, 8)
  • Spar supermerkatuan (Errekalde, 28)
  • Oñati fruta dendan (Kalegoiena, 1)
  • Arantxa okindegian (San Lorentzo, 12)
  • Txantxiku fruta dendan (Kalebarria, 30)

Lehena

Hondakinak batzeko atez ateko sistemaren gainean herritarrak zituzten kezkak, zalantzak eta galderak argitzeko zabaldu zuten Oñatiko kale Zaharreko hondakinen gaineko informazio bulegoa. Antolatu ziren hitzaldien gaineko informazioa eman, kubo banaketen proposamenak jaso, erabiltzaileen kokapen aldaketak kudeatu eta gaiaren inguruko informazioa eskaintzen zuen hasieran. Behin sistema ezarrita, 2013ko uztailaren 1ean, herritarrei beharrezko arreta emateaz arduratu dira bertako informatzaileak: hondakinak egoki bereizteko zalantzak argitu, bilketarekin lotutako intzidentziak kudeatu, erabiltzaileei informazioa eta kodeak egin edo komertzio eta enpresen edukiontzietan eskariak kudeatu, adibidez.

Martxoan zehar kartel bat egongo da bulegoko erakusleihoan hondakinen inguruko informazioa aurrerantzean udaletxean emango dutela gogorarazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak