Badator Zero Zabor astea

Oñatiko Udalak eta Oñati Zero Zaborrek Zero Zabor astea antolatu dute Oñatin. Eta horrekin batera, hondakinen berrerabilpena sustatzeko, Kutxa Ekogunerekin batera, "Ontziratu zaitez" programa aurkeztu dute.

Uztailaren 3an, etzi, Aloña Mendik antolatu duen Garagardo festaren karparen barruan, "Patxin eta Potxin" pailazoek umeendako antzerkia egingo dute 18:30ean. "Birziklatzea erraza da" lana taularatuko dute, haurrek txikitatik jakin dezaten zein garrantzitsua den birziklatzea.

Zapatuan, hilaren 4an, Gasteizeko Gardelegiko zabortegi tradizionala irteera egongo da. Zabortegi tradizional batek nola funtzionatzen duen ikusteko aukera egongo da, egonaldi gidatu batekin. Izan ere, saiatzen dira hondakin batzuk birziklatzen baina asko zabortegietara isurtzen dira.

Hilaren 9an, Kultur etxean, Taped filma egongo da 19:30ean. Pelikulak botilaratutako urak ingurumenean dituen eraginak azaltzen ditu.

Azkenik, aurtengo zero zabor astea ixteko, Araotzeko zabortegia garbitzera joango dira auzolanean. Iaz hasi ziren hau egiten lehen aldiz eta 4 tona zabor atera zituzten. Horren ostean, bazkaria egingo dute Araotzeko saloian.

"Ontziratu zaitez" programa

Bestalde, Kutxa Ekogunerekin batera, Ontziratu zaitez programa jarriko du martxan Udalak. Programa horren helburua da hondakinen murrizketa eta berrerabilpena sustatzea. Arrandegietan eta harategietan papera eta plastikoaren erabilera gutxitzeko ontzi berezi batzuk banatuko dituzte, herritarrek produktuak bertan eramateko.

Uztailaren 13tik aurrera banatuko dira ontzi horiek. Guztira 1500 ontzi banatuko dira: horiek erabili eta gero, bueltatu beharko dituzte herritarrek, berriro ere erabili ahal izateko. Behin programan parte hartuta, ideia eta ohitura hau barneratzea da helburua. Izan ere, ohiturak barneratzea ez da gauza erreza eta horregatik, hain justu, lehenengo hilabeteetan herritarrak sarituko dituzte. Establezimenduetan txartelak banatuko dira zenbakiekin eta hilero, establezimendu horretan gastatzeko 30 euroko bonuak zozketatuko dituzte. Programan parte hartu duten komertzioak, Fernandez eta Kresala arrandegiak, Antton, Garai eta Txantxiku harategiak eta BM eta Eroski supermerkatuak izan dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.