Oñatin elkartutako 100 bat lagunen aurrean jakinarazi zuen Ugartek Aldundira iritsi orduko "konturatu" zirela Bidegik, eta Aldundiak berak, "zorpetze handia" zutela, batik bat errepideetan: "Hori aztertzen hasitakoan konturatu ginen gain kostu handiak zeudela hainbat lanetan".
Errepideen eraikuntzari dagozkien inbertsioak aztertu dituzte, AP1 autobideko Arrasate-Eskoriatza eta Eskoriatza-Arlaban tarteei dagozkienak, hain zuzen. "Aretxabaletako Basagoiti lur biltegian esandakoa baino lur gutxiago bota zela frogatu dugu eta zehaztu 3,4 milioi euro ordaindu zirela egin gabeko lanengatik", zioen Ugartek.
Ondoren tunelak aztertu dituzte, eta "konturatu" dira 10,2 milioi euro ordaindu direla "egin ez diren lanengatik". Hori horrela, diru publikoko 13,6 milioi euro "bidegabe xahutu" izana salatu dute eta kereila zabaltzeko eskatu dute: "Azaroan aurkeztu genuen kereila Azpeitiko epaitegian eta tramitera onartu zen Basagoitiko lur biltegian lurra falta zelako, ia milioi bat tona falta zelako. Horren ondorioz ikerketa bat jarri zen abian, eta tuneletan ere beste hainbat kontzeptu antzeman genituen. Kontzeptu horiengatik kereila zabaldu egin da eta Azpeitiko epaitegiak tramitera onartu du".
Eskoriatza-Arlaban tartean ere "irregulartasunak"
Bestalde, AP1eko Eskoriatza eta Arlaban arteko autobide tartean ere "irregulartasunak antzeman" dituzte. Tarte horretako zati bat Arabari dagokio eta Ugartek salatu du, Bidegik 10 milioi euro "ordaindu" zituela 2011n lanengatik, hain zuzen Arabak ustez 2009an "ordainduta" zituenak.
Halakoak eta beste azaldu ondoren, Ugarte diputatuak berretsi zuen gertatutakoa "ikertu" egin behar dela eta "erantzukizunak" eskatu zituen: "Irregulartasun larriak daude, eta bai Markel Olanok eta Eneko Goiak azalpenak eman beharko dituzte".