Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidegi auzian ustez egin gabeko lanen truke ordaindutako beste 10.253.000 euro atzeman zituela jakinarazi zuen martxoa amaieran, eta horregatik kereila zabaltzeko eskaera aurkeztu zuen joan den astean. Orain, Foru Aldundiaren arabera, Azpeitiko epaitegiak onartu egin du kereilaren zabalpen hori eta hainbat ekinbide agindu ditu. Honenbestez, ekainaren 2an hiru inputatuek agertu beharko dute berriro epaitegian, ekainaren 3an tunelei buruzko txostena egin duen Ingeotyc enpresako kideek deklaratuko dute eta ekainaren 4an hainbat neurketa egin edo testigu jaso zituzten Euskontrol enpresako ordezkariek.
Foru Aldundiak kereila aurkeztu zuen iazko azaroan, aurreko agintaldian AP-1eko Eskoriatza-Arrasate tartean ustez "egin gabeko lanak ordaintzeagatik (3,4 milioi euro) diru publikoa bidegabe xahutzeagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik", eta tramitera onartu zuen epaileak; orain hura zabaltzea onartu du. Hortaz, Bidegin aurreko agintaldian ustez egin gabeko lanen truke, 13,6 milioi ordaindu ziren ala ez aztertuko du epaitegiak.
Kereilaren zabalpenaren berri emateaz gain, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak erantzun zuzena eman dio EAJri gaur hedabideen aurrean egindako agerraldian. "Epaileak tramitera onartu zuen kereila eta orain haren zabalpena ere bai, epailea kazikea da? Helburutzat arerio politikoa desgastatzea du? Akusazio faltsuak egiten ditu? Ongi legoke gaur hedabideek kereilaren zabalpenari buruzko iritzia galdetzea EAJri. Izan ere, EAJk galderak erantzun beharrean, behin eta berriro erabiltzen dituen klixe politiko horiek sinesgarritasun osoa galtzen dute kereila bere bidea egiten ari dela ikusita", adierazi du Ugartek.
Horrez gain, gogoratu du bezperan oso gertaera larriak salatu zituela Foru Aldundiak. Izan ere, Ugarteren arabera, Arabako lurretan egin eta 2009an likidatutako obra zati bategatik Bidegik 10 milioi euro ordaindu zituen 2011n. Ugartek esan du horren arduradunen izen-abizen ere zehaztu zirela eta galdera zuzena ere egin zitzaiela. "Nola liteke 10 milioi horiek ordaintzea? Oso larria da gertatutako guztia, eta garaiko arduradunek azalpenak eman behar dituzte. Oso argi daude ardura politikoak, ardura politiko larriak, eta agiri horiek sinatu zituztenek dute ardura politikoa: Eneko Goiak, Luis Mari Apraitzek eta Felix Urkolak. Hori da atzo planteatu genuena eta horiek ez du hitzik ere esan. Galdera zuzena eta publikoa da eta erantzunak ere zuzena eta publikoa izan beharko luke".