Foru Aldundiak dio Bidegik 10 milioi euro ordaindu zituela AP-1en Arabak ordaindutako lanengatik

Eneko Azkarate 2015ko api. 27a, 20:00

Larraitz Ugarte gaurko prentsaurrekoan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugarte hedabideen aurrean agertu da gaur. Salatu du Bidegik 10 milioi euro ordaindu zituela 2011n, Arrasate eta Arlaban arteko AP1eko zatian egindako lanengatik, 2009an, ustez, Arabat elkarteak (Bidegiren parekoa Araban) ordaindu zituenak.

Eskoriatza-Arlaban AP-1 autobideko zatiaren tarte handiena Gipuzkoa da, baina zati bat Araba da. Larraitz Ugartek azaldu du AP-1 autobideko Eskoriatza-Arlaban tartea 2009ko martxoan bukatu zela eta 2009ko maiatzaren 8an Bidegik Arabati esan ziola 36,3 milioi euro ordaindu behar zituela bere aldeko lanengatik. Foru Aldundiko bozeramailearen esanetan, "ordainketa horrekin, alde guztiek Arabako zatian egindako lan guztiak ordaindutzat" eman zituzten. Hori adierazten duten "hainbat dokumenturen bidez", Larraitz Ugarteren esanetan.

"Baina, 2011ko ekainaren 17an onartu zuten formalki AP-1eko tarte horretako lanen likidazioa eta bertan 40,7 milioi euro ordaindu ziren" dio Ugartek. Eta gehitu du Kontseilu horretako agiri ofizialetan esaten dela Gipuzkoako muga eta Eskoriatza arteko tartearen likidazioa zela. "Errealitatea ez da hori; Bidegik Arabako tartean ustez egindako lanengatik 10 milioi euro ordaindu zizkion enpresari" esan du.

"Alde guztiek (Arabako Aldundiak, Arabatek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegik) hainbat dokumentutan onartu dute Araban egindako lan guztiak Arabatek ordaindu zituela 2009an" dio.

Bide Azpiegituretako diputatuak esan du orain berriro Arabako Aldundiarekin harremanetan jarri dela Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arabako Aldundiak, bertako teknikariekin gaia aztertu ostean, berretsi duela Arabako tartean egindako lan guztiak 2009an ordaindu zirela, eta beraz, 2011koak ez direla Araban egindako lanak.

Honenbestez, Larraitz Ugartek dio hipotesi nagusia dela likidazioko milioi horiek ordaintzeko neurketak (lanak) "puztu egin" zirela eta puzte horretan "Arabako tartekoak ere handitu" zituztela. "Nola liteke 10 milioi horiek ordaintzea? Oso larria da gertatutako guztia, eta garaiko arduradunek azalpenak eman behar dituzte" esan du Ugartek.

Ardura politikoak

Eta "ardura politiko larriak" agiri horiek sinatu zituztenek dutela gehitu du: "Borja Jauregik, Eneko Goiak, Luis Mari Apraitzek eta Felix Urkolak". Ugartek adierazi du gertaera horien guztien atzean "ardura penalak" ote dauden "aztertzen" ari direla. Eta gehitu du honek guztiak ze pentsatu ematen dietela eta hau ez dela "gertaera isolatua, baizik eta ohiko jokaera".

Larraitz Ugartek gaur goizean egin ditu adierazpenok hedabideen aurrean Gipuzkoako Foru Aldundian. Harekin batera izan dira Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendaria eta Unaiz Erroitzenea Mugikortasuneko zuzendaria.

Hitzaldia Oñatin

Larraitz Ugartek, bestalde, hitzaldia emango du bihar, martitzena, Oñatin Bidegiren gainean. Bidegi: Komunikabideek kontatu nahi ez dizutena da izenburua. 19:00etan izango da Kultura etxean. Berbaldian Joseba Altube izango du alboan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak