Arantza sartuta zuten oñatiarrek Galdakaon 24 puntugatik galdu zuten-eta; horregatik, bada, indartsu eta lehiakor kantxaratu ziren, atzo, zapatua etxeko zaleen aurrean. Lehenengo laurdenean baina, ez zuten aukera handirik izan, besteak beste, taldeko erreferente den Asier de la Iglesia "ondo baino hobeto" oratuta zuten-eta bizkaitarrek.
Bigarren laurdenean, berriz, bereziki atzean lana ondo eginda, konfiantza hartuaz joan ziren oñatiarrak. Minutu oparoak izan zituzten orduan, besteak beste, bata bestearen ostean, hiruko hiru saskiratze egitea lortuz. "Partidua irabazteko aukerak genituela hasi ginen sinisten orduan eta atsedenaldira gustura joan gara". Atsedenaldira 32-29 emaitzarekin joan ziren.
Jokalari gazteek gidaritza hartuta
Atzean oso lan ona eginez ekin zioten partiduaren bigarren zatiari: "badakigu taldea bizpahiru beteranoren jokoaren menpe dagoela, atzo baina, jokalari gazteek pausu bat aurrera eman zutela esango nuke; eta duda barik, hori da bidea, jokalari beteranoek ezin dute-eta betik egun ona izan!" gaineratu du Judez entrenatzaileak.
Azken laurdenean ere indartsu jarraitu zuten etxekoek, Ibaizabalekoek behera egin zutela aprobetxatuta: "Joaneko partiduan lortu zuten 24 puntutako abantaila berdindu gura izan genuen; lortu ez genuen arren, gustura nago taldeak gogor borrokatu zuen-eta.
Hurrengo astean, Barakaldora
Atzokoa jokatuta, sailkapenean ez da aldaketarik izango: bigarren postuan jarraituko dute bizkaitarrek eta laugarrenean, berriz, txantxikuarrek. Hala ere, Judezen esanetan, pozik ziren taldekideak eta baita Zubikoan bildutako zaleak ere: "Atzoko moduko partiduek erakusten dute, igoera fasean egoteko aukerak baditugula, eta horrek taldeari indarra ematen dio, eta jokalari gazte berriei, gogor saiatzeko motibazioa suspertzen".
Sailkapeneko beheko postuetan da datorren asteko arerioa; hala ere, Oñatiko entrenatzailearen esanetan, Barakaldokoa, ez da partidu samurra izango, Oñatin jokatutako aurrekoan irabazi egin bazuten ere.