Partidaren hasieran hil berri diren Severiano Martin eta Migel Aramendi Kortaren izenean minutu bateko isilunea gorde da. Severiano Martin Jesus Martin Barbero, elkarte honetako atezainen entrenatzaile eta laguntzaile denaren aita zen. Migel Aramendi, bestalde, 1970ko hamarkadan Aloña Mendiko taldeko atezaina izan zen. Goian beude.
Oñatiarrak nagusi
Lehen zatiko lehen hamabost minutuetan berdintasuna nagusi izan bada ere, hortik aurrera gutxinaka-gutxinaka oñatiarrak nagusitzen hasi dira, eta presio horren ostean iritsi da Aloñakoan lehen gola. Partidako 25. minutuan atzelariek luze bideratutako baloia Julen Palaciosek buruz utzi dio Asier Ugarteri, eta horrek, atearen aurrean, ondo kokatutako jaurtiketa indartsu baten bidez, 1 eta 0ekoa lortu du. Gol horren ostean Aloñako jokalariek baloiaren kontrola izaten jarraitu dute, eta aukera garbirik sortu ez badute ere, hurbilago ikusten zen 2 eta 0koa, berdinketa baino. Lehen zatiko azken minutuan Julen Palaciosek izan du bigarren gol hori lortzeko, baina gutxigatik ezin izan du baloia buruz errematatu.
Bigarren zatiaren hasieran zarauztarrak berdinketaren golaren bila irten dira, eta Mikel Aginagalderen atearen aurka aritu dira gol horren bila. Hala ere, 57. minutuan, oñatiarrek eskuin aldetik eramandako eraso baten ostean, Asier Ugartek hartu du baloia arearen barruan eta, bere markatzailea maisuki gainditu ostean, bolea bikain baten bidez 2 eta 0koa lortu du. Gol ederra!
Partidua erabat kontrolatuta zutenean, bigarren zatiko 24. minutuan, Aloñakoek ez dute asmatu baloia atzetik ateratzen eta Cachafeirok, jaurtiketa eder baten bidez, 2 eta 1ekoa lortu du, eta urduritasuna nagusitu da Oñatiko zale eta jokalarien artean. Hurrengo minutuak zarauztarrenak izan dira, baina ez dute aukera garbirik sortu.
Partidako 85. minutuan, kontraeraso azkar batean, Asier Ugartek hirugarren gola lortzeko aukera aparta izan du, baina ez du asmatu Ruizen atearen aurrean. Hala ere, oñatiarren zorionerako, 90. minutuan, beste kontraeraso batean, Jon Lertxundik partida erabaki duen gola lortu du.
Garaipen bikaina Aloñakoek lortutakoa, sailkapenean aurrerapauso handia ematea ahalbideratzen duena.