Europatik zetorren irizpidea aintzat hartuta eta urte kopuruen murrizketa egin ondoren, aske geratu zen preso oñatiarra abendua hasieran. "Osaba berriz ere espetxera itzultzeko aukera gertuago ikusi dugu gaur. Bagenuen esperantza, baina gaurkoan zapuztu egin da. Hala ere, oraindik ikusteko dago Gorenak bere kasua aztertzen duenean zer dioen, baina Pikabearen kasuak izago du eragina", adierazi du Zigor Plazaola senideak.
Kepa Pikabea presoak jarritako helegitea aztertutakoan hartu du erabakia Espainiako Auzitegi Gorenak. Hamabost epaileetatik bederatzik egin dute fiskalak jarritako helegitearen alde, eta seik kontra. Azken sei horiek boto partikular bateratua kaleratuko dutela adierazi dute. Bestalde, erabakia hartu aurretik, Luxenburgoko Auzitegian kontsulta egitea proposatzen zuten, Efe albiste agentziaren arabera.
Hain justu ere, Gorena erabakia hartzeko batu zen aurreneko aldian, abenduaren 16an, Alberto Plazaolaren anaia Gerardok aukera hori aipatu zuen, Gorenak Luxenburgora kontsulta egitea, alegia. Eta "Itxaropen" hori zuen familiak. Azkenean, ez da hala izan. Hala ere, senideen arabera, Luxenburgok izango du oraindik zer esanik auzian; nahiz eta, ez duten oso argi zein den jarraitu beharreko bide. Gainera, zalantzak ere ezin izan dituzte argitu Plazaolaren abokatua asteleheneko mate operazioan atxilotu zutelako.
Zigorrek gaineratu du ez dutela uste osaba, Alberto Plazaola, berehala atxilotuko dutenik: "Bere auziko fiskalak jarritako errekurtsoa aztertu beharko du orain Auzitegi Gorenak. Gaurko erabakiaren bidea jarraituko balu, Auzitegi Nazionaleko Lehenengo Salak bere garaian hartutako erabakia baliogabetuko luke eta, agian, barrura joan beharko litzateke". Hala ere, atzo iluntzean Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia salatzeko egin zuten manifestazioaren amaieran, lasaitasuna eskatu zuten. Izan ere, oraindik ez da data zehatzik horretarako. Bestalde, bakearen eta konponbidearen bidean, horrelako oztopoak izatea gaitzetsi zuten eta zapatuan Donostian egingo den manifestaziorako deialdia egin.