Goizean goiz, korrika harrapatu genituen. Baina, zer helbururekin?: "Batez ere, norbera fisikoki nola dagoen ikusteko. Era berean, proba hauetan minimo batzuk gainditu behar dira norberak duen mailatik gora egiteko", esan zuen teknifikazio saioan parte hartu zuen Mikel Mantxola epaile oñatiarrak.
Oñatiko saioan minimoa gainditu ez zutenek beste aukera batzuk izango dituzte denboraldian zehar. "Minimoa egiten ez duenak, maila mantentzen du. Gora igo gura badu, berriro egin beharko ditu probak", esan zuen Mantxolak.
Oñatin ospatu zuten teknifikazio proba, gune estrategikoa delako. "Udalak kiroldegia eta Santa Ana uzten dizkigu eta gainera Gasteiz, Bilbo eta Donostia aldetik datozenendako erdi-bidean dago", esan zuten antolatzaileek.
Debagoieneko hiru epaile
Kanpotik joandakoekin batera, Debagoieneko hiru ordezkarik parte hartu zuten probatan: Xabier Iñurrieta eta Jontahan Vaz bergararrek eta Mikel Mantxola oñatiarrak. Eurekin batera egon ziren eskola kiroletik hasi eta Asobal mailara artekoak. Tartean, Ford Mugarriren partiduak epaitzen dituztenak ere.