Bergarak irabazi du Arrasate Hiria txapelketa

Mireia Bikuña 2014ko ira. 7a, 14:13

Mahoneroek Mondra menderatu zuten (1-0) eta Elorrioaren kontra husna berdindu. Hori horrela, lau punturekin Arrasateko txapelketa irabazi zuten. Eloy Crespo kapitainak jaso zuen saria Ander Garai kapitainaren eskutik. [ARGAZKIAK]

Bergarako futbol taldearen kolore urdina nagusitu zen Arrasate Hiria futbol txapelketan. Aitor Arrateren taldeak Mondra menderatu zuen hiruko txapelketaren azken norgehiagokan (1-0). Aurretik, Elorrioren kontra berdindu egin zuen (0-0). Lau punturekin beraz, mahoneroek eraman zuten garaikurra etxera. Eloy Crespok jaso zuen saria Ander Garai presidentearen eskutik.

Elorrio izan zen Arrasate Hiria txapelketako hirugarren protagonista. Bizkaiko Ohorezko Erregionalean jokatzen duen taldeak itxura ona eman zuen, baina azken metroetan motel ibili zen eta ez zen gol bat bera ere sartzeko gai izan.

"Sentsazio onak"

Denboraldi-aurrean jokatzen diren txapelketatan, jokoa baino sentsazioak dira inportanteagoak. "Aurreko astean Bergaratik sentsazio txarrekin itzuli ginen. Gaur, ostera, Elorrioren kontra jokatutako zatiarekin geratzen naiz. Taldea indartsu ikusi dut eta sentsazio oso onak izan ditut", esan zuen bukaeran Gotzon Urtzelaik, Mondrako entrenatzaileak.

Elorrioren kontra irabazi egin zuten arrasatearrek (1-0), nahiz eta gero ezin izan zuten etxeko txapelketa irabazi. "Etxeko saria irabaztea beti da inportantea. Liga txapelketa gogotsu hasteko aukera emango zigun, baina ezinezkoa denean, taldearen jokoarekin geratzea da onena", azpimarratu zuen arrasatearren entrenatzaileak.

Gainera, Arrasate Hiria futbol txapelketan Mondrak egin dituen fitxaketak ezagutzeko aukera izan zuten zaleek: Uribarren, Eraña,  Barbero, Boyon eta Corcuera. Bostak esperientzia handiko jokalariak. Uribarren Hirugarren mailatik dator eta Eraña Bigarren B mailatik.


Mondrari irabazi ostean

Bergararrek ere pozik bukatu zuten txapelketa: taldeak erakutsitako mailarekin eta garaikurra lortzeagatik.
Lehen partiduan husna berdindu zuten Elorriorekin eta 45 minutuko lehia erabakigarrian Mondra menderatu zuten. "Gure futbol txapelketako finala galdu egin genuen eta penaz geratu ginen. Gaur atera dugu arantza hori", zioen Aitor Arrieta entrenatzaileak.

Bergarak ere taldean dituen aurpegi berriak erakutsi zituen eta itxura ona eman zuen. "Gu ere sentsazio onekin goaz etxera. Hainbat gauza zuzendu behar ditugu, baina pozik nago egin dugun lanarekin", adierazi zuen entrenatzaileak.

 


Gotzon Urtzelai ı Mondrako entrenatzailea

Hilaren 21ean hasiko du Mondrak Preferente mailako txapelketa.
Zeintzuk dira denboraldirako aurreikuspenak.
Pausu bat gehiago ematea da asmoa. Urtebeteko esperientzia daukagu eta igotzeko aukerak ditugu, baina lan handia egin beharko dogu. Iaz, partidu erabakigarrietan huts egin genuen, eta sailkapenean goian egon gura badugu, ezin dugu hutsik egin.
Jokalari berriak aintzat hartuta, zenbat aldatuko da Mondaren jokoa?
Jokalari berriek beti egiten dituzte ekarpen berriak. Baloiarekin jokatzea gustatzen zaie eta horrek eragina izango du taldearen jokoan. Baina gure oinarria lana izango da.
Orduan, partiduz partidu?
Bai, horixe! Partiduz partidu lana egiten eta konpromiso sendoarekin. Horrekin egingo dugu aurrera.

 

Aitor Arrate ı Bergarako entrenatzailea

Gertu daude mahoneroak liga txapelketa hasteko.
Ze helburu dituzue denboraldirako?
Iaz, maila mantentzeko asko sufritu genuen, eta aurten etxeko lanak aurretik egin ditugu. Taldea indartu egin dugu. Lau jokalari galdu eta bost jokalari ekarri ditugu.
Non egongo da ez sufritzeko kakoa?
Txapelketa ondo hasteak asko laguntzen du. Emaitza positiboak lortuta, beste modu batera antolatzen dira partiduak. Beste kakoetako bat, etxeko partiduak izango dira. Gehienak irabazi beharko ditugu. Puntu horiek dira inportanteenak. Etxean irabazita, kanpora puntuak lortzeko konfiantzarekin joango gara.
Futbol zelaiak ere beste itxura bat dauka.
Guk eta Agorrosinera datozen taldeek nabarituko dute aldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak