Hondakinak ondo bereizteagatik, zorionak oñatiarrei

Maialen Torres 2014ko eka. 26a, 15:41

Atez ateko hondakinen bilketa sistema Oñatin jarri zutenetik urtebete pasa da eta Udal Gobernu Taldea zein Zero Zabor taldeko kideak pozik agertu dira oñatiarrek sistema berriaren aurrean agertutako jarrera onagatik. Birziklatze maila %23tik, %79ra igo dela azaldu dute balorazioa egiteko egindako agerraldian.

Urtebete da dagoeneko Oñatin hondakinen atez ateko bilketa martxan jarri zutela eta atzo balorazioa egin zuten Udaleko eta Zero Zaborreko ordezkariek. Hasteko, herritarrak zoriondu nahi izan zituzten emandako erantzunagatik.

Leire Egaña Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, "ohitura aldaketa guztiek sortarazten dituzte beldur eta erresistentziak, baina lehen momentutik jakin izan dugu tamainako erronkari tamainako erantzuna ematen".

Ikuspuntu ezberdinetatik egin dute urte osoko balorazioa. Besteak beste, ikuspegi ekologikoari eta ekonomikoari eman nahi izan diote garrantzia. Batetik, azaldu dute, atez atekoa martxan jarri aurretik birziklapen maila %23 ingurukoa zela eta sistema berriarekin datu hori % 79ra igo dela. Gainera, garbigunera eramaten diren hondakinak kontutan izanez gero, %82tik gorako bilketa maila lortuko litzateke.

Errefusa gutxitu

Errefusaren sorrera ere murriztu egin da. 2012ko uztailetik 2013ko ekaina amaiera arte 2.821.414 kilo errefus sortu zuten oñatiarrek, eta 2013ko uztailetik 2014ko maiatzera arte, 1.150.000 kilo. Bestetik, atez atekoak zabor bilketara bideratutako gastua %25 igotzea eragin duela ere esan dute prentsaurrekoan, baina argitu dute diru hori inbertsioetara bideratu dela. Egañak adierazi duenez, "herri desberdinetako zintzilikarioak, Arrasate eta Bergaran jarriko diren edukiontzi berriak eta kamioi flota berria, besteak beste" sartzen dira inbertsio horien baitan.

Azaldu dutenez, hondakinen bereizketari buruzko helburu pedagogikoak bete dira, herritarrak kontzienteago baitira sortzen duten hondakin kopuruaz eta sortzen dutena nola bereizi oso argi baitute. Dena den, ikusi dute, zenbait herritarrek, azkenaldian, edukiontziak jasotzeko ordutegia ez dutela behar bezala errespetatzen.

Udaleko ordezkariek ez dute hondakinen ordenantza aplikatu eta isunak jartzen hasi nahi, baina argi dute zerbait egin beharra dagoela eta beharbada kanpainaren bat jarriko dute martxan laster arazo horri aurre egiteko. Atez atekoaren urteurrenean, ordea, zer ospatua badela uste dute, eta horregatik, Oñatiko Zero Zabor taldearekin batera, uztaileko lehen asterako hainbat ekintza prestatu dituzte.

Egitaraua

  • Uzatilak 1, martitzena: Trashed pelikularen emanaldia, Kultur Etxea 19:00etan (dohain).
  • Uztailak 2, eguaztena: Hitzaldia, Juan Carlos Alduntzin eta Iñaki Errazkinen eskutik, Kultur Etxean 19:00etan.
  • Uztailak 3, eguena: Ipuin kontalariak eta haurrentzako birziklatze tailerrak Foruen Enparantzan arratsaldeko 17:30etik aurrera.
  • Uztailak 5, zapatua: Lapatxeko konpostatze plantara bisita, irteera goizeko 10etan Postetxe aurrean (dohain).
  • Uztailak 6, domeka: Araotzeko kontrol gabeko zabortegia garbitzeko auzolana, ondoren Araozko auzo etxean bazkaria. Foru enparantzan elkartuko gara goizeko 9etan. Bazkaltzera joan nahi dutenek astean zehar izango diren edozein ekintzatara gerturatzea besterik ez dute, bertan egongo baita izena emateko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak