EAJren salaketei erantzunez, Oñatiko Udal Gobernuak dio San Martingo hitzarmenak "goitik behera" betetzen duela legea

Miren Arregi Amasorrain 2014ko mar. 25a, 20:02

Oñatiko EAJk salatu du San Martingo babes ofizialeko etxebizitzen kudeaketan Bilduren gobernuak "arau-haustea" egin duela. Kudeaketa "txarra" egin izana egotzi diote Bilduri. Oñatiko Udal Gobernuak prentsa ohar bidez gezurtatu egin ditu salaketa horiek guztiak, esanaz sustatzaileekin sinatutako hitzarmenak legea "goitik behera" betetzen duela.

Oharrean dio Udalaren ardura dela amaitu gabe dagoen gunea ahal bezain laister bukatzea, bertako segurtasuna eta itxura bermatuz. Gaineratu du hori ahalbidetzeko akordioaren bidea hartu duela Udalak, hitzarmen baten bitartez San Martingo sustatzaile guztiei betebehar batzuk ipiniz.

Hemen, Udal Gobernuaren prentsa oharra:

"Lourdes Idoiaga, Oñatiko EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak prentsa  oharrean  esan duenez, San Martingo promozioari dagozkion arauetan babes ofizialeko portzentaia erabakitzeko kalkulu oinarria ez dagokio eraikigarri den azalerari, etxebizitza zenbakiari baizik. Idoiagak dioenez, Bilduk onartutako proposamenaren arabera, hasierako planean aurreikusita zeudenak baino 49 etxebizitza gehiago eraikiko dira. Kasu honetan ezarri beharreko araudiaren arabera, 49 etxebizitza horien %65ek, hau da, 32 etxebizitzak, babes ofizialekoak behar dute izan eta ez libreak”. 

Honen aurrean, Oñatiko Udal Gobernu Taldeak honakoa adierazi nahi du:

Ez da horrela. Indarrean dauden Oñatiko arau ordezkoak 2006ko apririlaren 4ean izan ziren onartuak eta beraz, 2006ko irailaren 20an indarrean sartu zen legearen aurretik (2/2006 Lurzoru eta Hirigintza legea hain zuzen Eusko Legebiltzarreak onartu zuena).

San Martineko Plan Partziala, 2006ko uztailaren 6ko Gipuzkoako Agintzaritza Boletinean argitaratu zen (128 zenbakiduna). 

Esan bezala, Arau Ordezkoak eta Plan Partziala lege berriaren aurretikoak zirenez (2/2006 legearen aurretikoak), azken hau ezin zitzaien aplikatu (2/2006ko legearen laugarren behin behineko xedapena zela eta). Estandarra aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa da eraikigarritasunaren gehikuntza bat bai aurreko legearekin (17/1994) eta baita berriarekin ere. Hitzarmenak  ez du eraikigarritasuna gehitzen baizik eta dagoen eraikigarritasunean ateratzen ditu etxebizitza gehiago, txikiagoak eta salneurri mugatukoak. Beraz, azaldu bezala, hitzarmenak aplikagarri zaion legea betetzen du goitik behera.

EAJ-PNVk aipatzen du beraien proposamena sozialagoa dela. Zer da proposamen sozialagoa , 32 babes ofizialekoak + 100 prezio  librekoak (EAJ-PNVren proposamena) edo  132ak prezio mugatukoak hitzartzea? Orain, hitzarmenari esker badakigu 132ak gehienez zenbatean salduko diren. EAJren proposamenarekin 100 etxebizitza horiek zein preziotakoak lirateke? Auskalo, merkatuaren araberakoak.

San Martin aipatuz, esan behar da izen bereko fundazioaren lurrekin oso kudeaketa urbanistiko  soziala egin duela EAJ-PNVk. Herriko zaharren egoitzaren lurrak  desjabetu eta enpresa ekimen pribatura bideratuz. Gogoratu behar da lur hauek herritar batek zaharren egoitzaren esku utzi zituela bertako beharrak asetzeko. Gai honek ordea aparteko kapitulu bat eskatuko luke.

Udal Gobernuaren ardura, San Martinen 2006tik hasita eta amaitu gabe dagoen gunea ahal bezain lasterren amaitzea da, bertako segurtasuna eta itxura bermatuz. Hori ahalbidetzeko akordioaren bidea hartu du udalak, hitzarmen baten bitartez bertako sustatzaile guztiei betebehar batzuk jarriz: urbanizazio lanak bukatzeko egutegi bat eta bestalde egitura bakarrik egina duen eraikinari amaiera ematea behartuz urte beteko epean, banku abal bat berme gisa jarrita.

Azken zortzi urteetan etxe hutsak beste etxe berri eraiki dira Oñatin (700 inguru)  eta oraindik eraikigarri geratzen dira Kurtideria, Kurtzekua, Igartua… Eta San Lorentzo auzo ondoko Garaitarren lurrak ere beste 300 etxebizitza egiteko birkalifikatu zituen EAJ-PNVren gobernuak. Zein helburu sozialekin?

Beraz, esan beharrik ez dago zalantza handiak ez ezik, kezka handia sortzen digula EAJ-PNVk  Oñatin azken urteetan zein etxebizitza politika eraman duen.

EAJ-PNVK  utzitako  "ondarean" herritarren beharrak asetuko dituen irtenbideak emateko gogor lanean jarraituko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak