San Martin auzoan etxebizitzak eraikitzeko plan partziala aldatzeko hitzarmena onartu zuen eguenean Oñatiko osoko bilkurak Bilduren aldeko botoekin. EAJ alderdiak kontra bozkatu zuen, azaldu zutenez, arrazoi "teknikoengatik".
Aldaketa horren ondorioz, auzo horretan hasieran asmoa zena baino 49 etxebizitza gehiago eraikiko dira. Osoko bilkuran Mikel Biain alkateak azaldu zuenez 2006an hasi zen San Martingo urbanizazioa eta orain hutsik dagoen orubean etxebizitza handiak egitea zen asmoa. Alkatearen esanetan baina, merkatua geldi dagoela ikusita eta egoera zein den ikusita, erabaki da 83 etxebizitza libre egin behar ziren tokian 132 eraikitzea. Biainek gaineratu zuen aurreikusitakoak baino txikiagoak izango direla etxeak.
EAJ kontra
Bi puntu horiekin ados dago EAJ. Desadostasuna etxebizitza horiek izango duten prezioan dago. Alkatearen esanetan, Gobernuak proposatu du 132 etxebizitza berri horiek prezio mugatuan saltzea, hau da, babes ofizialeko baten salneurria bider, gehienez, 1,7.
Lourdes Idoiaga jeltzaleak adierazi zuenez, legeak dio etxebizitzen %65a babestutakoa izan behar dela, eta proposamen horrek ez duela hori betetzen. EAJtatik egiten duten planteamendua da da egingo diren 132 etxebizitza horietatik 32 babestutakoak izatea, eta 100, prezio mugatukoak. Bozeramaile jeltzaleak gaineratu zuen balorazio ekonomikoari begiratuz ere aldea nabarmena dela eta Udalak konpetentzia osoa duela etxebizitza sustatzaileekin beste modu bateko hitzarmena egiteko.
Hiru enpresa
behin osoko bilkuran aldaketa jasiotzen duen hitzarmena onaruta, laster sinatuko dute hitzarmena etxebizitzak eraikiko dituzten hiru sustatzaileekin: San Martin Berri, San Martinalde eta Mojasoro.
Etxebizitza hauek erosi ahal izateko ez da aparteko baldintzarik eskatuko, berez, edozeinek eskuratu ditzake.
Ez dago lanak hasteko datarik, baina sustatzaileek egutegi bat aurkeztu eta bete beharko dute. Hitzarmena sinatzen dutenean gainera, enpresek urtebeteko epea izango dute San Martin auzoan dagoeneko jasota baina amaitu gabe dagoen eraikinari, etxebizitzak saldu ala ez, fatxada jartzeko. Horren berme moduan, enpresek banku abal bat aurkeztu dute dagoeneko. Mikel Biain alkateak adierazi du gainera, horixe izango dela aurrerantzean herrian egingo diren eraikinekin jarraituko den politika.