EAJko udal taldeak prentsa ohar bidez azaldu du alegazioa jarri diola San Martin auzoko etxebizitzen plan partzialaren aldaketari. Talde jeltzalearen udal bozeramaileak, Lourdes Idoiagak, azaldu du bat egiten dutela Udal Gobernuarekin plan partziala aldatzeko emandako arrazoiekin, baina legea ez duela betetzen dio. “Arrazoi dute, adibidez, aurreikusitako etxebizitza libreak handiegiak direla eta egungo eskariei erantzuten ez diotela esaten duenean, baina argi utzi nahi dugu arrazoiekin ados egon arren, Bilduko gobernuak egindako proposamenak ez duela legedia betetzen, ez kasu honetan aplikatu behar zaion 1994ko lurzoru legedia, ezta egungoa ere” gaineratu du Idoiagak.
Jeltzaleek proposatzen dutena da 132 etxebizitzetatik 32, babes ofizialekoak izatea, bataz beste 129.352€tako salneurriarekin, eta gainerako 100 etxebizitzen prezioa izatea babes ofizialekoen prezioa bider 1,7, bataz beste 219.899€ inguruko salneurriarekin. “Gure proposamenak araudia betetzeaz gain, San Martinen etxebizitza erosteko aukera duten 32 familiek 90.000€ aurreztu ahal izatea eta babes ofizialeko etxebizitza gehiago egotea ahalbidetzen du” azaldu du bozeramaile jeltzaleak.
Udal Gobernuaren proposamena da 132 etxebizitzen prezioa mugatua izatea, hau da, babes ofizialekoen prezioa bidez 1,7, gehienez.
Eskaera
Hala, "oñatiarren interesak eta bereziki San Martingo etxebizitza erostera doazen familien interesak defendatzeko", EAJ-PNVko udal taldeak Bilduko Udal Gobernuari eskatu dio plan partzialaren behin betiko aldaketa ez onartzeko, legedia betetzeko eta aurreikusitako 49 etxebizitza berrietatik 32 babes ofizialekoak izateko.
Azkenik, talde jeltzaleak azpimarratu du aurkeztu duen alegazioa legezkotasunaren eta oñatiar guztien interesen defentsan egin dutela, “izan ere gure betebehar eta ardura da, oposizioko talde gisa, udal gobernuaren kudeaketa kontrolatu eta beharrezkoa denean salatzea”, amaitu du Idoiagak.