Lehia bizia eta parekatua izan da eguerdian Zubikoa kiroldegian ikusi ahal izan dena. Harmailetan 120 lagun inguru, aizkolariak animatzen. Baina aizkolariak bakarrik ez, izan ere harrijasotzaile erakustaldia ere egin baiatute gaurkoan. Hori horrela, Izeta IIIak eta Izeta IV.ak (aita-semeak) harri ezberdinekin egin dute lan, aizkora mozketa proba bakoitzaren tartean.
Aizkolariak, ostera, sei modalitatetan aritu dira. Aurretik joan da bikote gaztea; harmailetako ikus-entzuleei galdetuta, faboritoak izan dira aurreneko unetik.
Ordubeteko erakustaldiaren amaieran, pozik baina nekatuta agertu dira Atutxa: "Nire aldetik ez da egunik onena izan, baina bikotea fin ibili da. Denbora tartea atera diegu baina nahiko berdinduta egon da lehia. Finalera sartu gara eta hilabete daukagu entrenatzeko. Denbora gutxi izan arren, gogor saiatuko gara".
Olasagastik, ostera, nahiz eta irabazi ez eginiko lanaz pozik agertu da: "Hasieratik proba polita izan da, eta egia da akatsak egin ditugula. Bestalde, bigarren enborra desberdina zen eta hortxe alde egin digu beste bikoteak".