Epaileak The end-a adierazi aurretik, partiduko protagonistetako bat azaldu zen, aktore nagusietako bat, Markel Lete. Eskuin hegaletik, bandako sakea atera, eta estrategia jokaldian Antzuolako atzelariak baloia buruz sarera bidali zuen (2-1). Luzapenean kontrarioak ezer gutxi egin zuen, ordura arte moduan.
Lehen kolpea, kanpotarrek
Vasconia gutxitan gerturatu zen Jon Iturberen ate ingurura. Donostiarrak behetik jokatzen ahalegindu ziren, konbinazio azkarrak eginda eraso jokaldiak lotu guran. Baina, talde gutxi daude kategoria honetan Estala moduko zelai batean horrela joka dezaketenak –eta min egin, gainera– eta Vasconia ez da talde horietako bat. Antzuolak inoiz ez du horrela jokatzeko tentaziorik izan, ondo ezagutzen duelako etxeko berdegune txikiak zertarako aukera ematen duen: Zertarako eman bost pase motz, luze batekin helburua lortu badaiteke. Eta helburua garbia da, aurrean, Oinatz, Zubikarai, Arana edo Aranzabal erreferentzia garbiak direlako.
Lehenengo kolpea, baina, kanpotarrek eman zuten. Lehenengo zatiko 25.minutuan Antzuolak area inguruan baloia galdu zuen, eta birritan pentsatu gabe Vasconiako jokalariak emandako zartakoa eskuadratik joan zen barrura (0-1).
Antzuolak, gora
Ez dugu esango gol horrek Antzuola esnatzeko balio izan zuenik, ordura arte partidu lehiatua jokatzen zebiltzalako. Baina, balio izan zuen Juaninaren mutilek erasorako apostu sendoagoa egiteko. 33.ean Zubikarairen erremate bat gutxigatik joan zen kanpora, atezainak intentzioz emandako pase luze bat kontrolatu ostean, eta hiru minutura Oinatzek estrategia jokaldian langara errematatu zuen, lehenago Friz-ek baloia buruz orraztu ostean. Abisu askotxo, saririk ez jasotzeko. Hala, 45. minutuan egin zuen Imanolek etxekoendako gola (1-1), buruz jasotako pase batean atzelariei bizkarra hartu, eta atezaina gaindituta.
Bigarren zatia hotz hasi zuten bi taldeek: lehia handia erdian, baina aukera garbi barik. Vasconiarendako ona zen puntua, eta horri eusten ahalegindu ziren. Antzuola berotzen joan zen poliki-poliki, 87. minutuko jokaldia iritsi zen arte. Baina, film honen amaiera kontatu dizuegu dagoeneko.
Gainontzeko emaitzak
Bailarako gainontzeko ordezkariei dagokienez, Bergarak 0-0 egin zuen zapatuan Agorrosinen, Zarautzen kontra. Eta, Aloña Mendik 3 gol jasota egin zuen Hernanitik etxerako bidea. Kanpoan jokatu zuen Aretxabaletak, berriz, irabazi egin zuen –zazpigarren garaipena jarraian, Tolosaren etxean (0-2).