Dorletako Ama Birjinaren eguna ospatzen ari dira gaur Leintz Gatzagan, eta urtero legez, Otxandiotik hainbat herritar gerturatu dira herrira. Batzuek oinez egin dute bidea, tradizioari eutsiz, eta beste batzuek autoz. Behin Gatzagara iritsita, herriko plazan egin diete ongietorria.
Otxandioarren eta gatzagarren arteko ohitura aspaldikoa da, eta beste urte batez ere ez dute hutsik egin. Hainbat otxandioar goizean goiz abiatu dira Otxandiotik, eta hiru ordu inguruko bidea egin dute oinez. "Urtero bezala jendea Otxandixotik animatu da, gazteak eta jubilatuak", azaldu du Dorleta Elkorobarrutia Leintz Gatzagako alkateak.
Eguraldiak ere lagundu du gaur goizean. Hasieran lainotuta egon bada ere, aurrera egin ahala hobetu egin da. " Hasiera itxura txarra zuen egunak, baina ondoren dena ondo joan da, siku zegoen bidea. Hiru ordu eraman digu", azaldu du otxandioar batek.
Meza eta ongietorria
Eguerdiko hamabietan egin dute meza santua Dorletako Ama Birjinaren santutegian. Ordu berean, herriko plazan, Otxandioarrei ongietorria egin diete gatzagarrek.
Ongietorriarekin batera, Leintz Gatzagako jubilatuek txosna zabaldu dute plazan. Salda eskaini diete Otxandiotik etorritakoei, eta ardoa eta pintxoak ere izan dituzte salgai.
"Urteak eta urteak dira Dorletako Ama Birjinaren egunean Otxandioarrak etortzen direla", azaldu du Periko Orobengoak, jubilatuen elkarteko kideak.
Andramaixak borobiltzeko
Leintz Gatzagako alkateak ere "balorazio positiboa" egin du aurtengo Andramaixen inguruan. Otxandiotik etorri diren guztiei eskerrak eman dizkie, eta bereziki oinez egin duten bidea egin dutenei. Hala, Dorletako Ama Birjinaren eguneko hitzorduarekin eta Otxandioarren bisitarekin, Andramaixetako azken eguna borobildu dute Gatzagan.