Baltistango bizipenak gatzagarrei kontatuz

Imanol Beloki Unamuno 2020ko abe. 16a, 12:48

Atzo, martitzena, eman zioten hasiera Leintz Gatzagako Mendi Asteari. Egitaraua irekitzeko, Galartza-Gardoki familiakoen testigantzak entzuteko aukera izan zuten, San Millan parrokian batu zirenek. Ondoren, berriz, Aymar Navarro eskiatzaile ezagunak egindako azkenengo ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izan zen eta, egingo duen hurrengo proiektuaz berbetan ere aritu zen.

Galarza-Gardoki familiakoek 2019an, Baltistanera egindako bidaiaren kontakizuna egin zuten, atzo, San Millan parrokian. Zortzi urtez Gatzagan bizitako familiak ireki zuen Mendi Asteko egitaraua, eta, esperientzia izugarria bizi zutela adierazi zutela adierazi zuen Aintzane Gardoki hizlariak: "Semeak ezin izan dira etorri kanpoan daudelako, eta, Gatzagan bizi izandakoak garenez, animatu gara. Felix Iñurrategi lagun izanda, askotan entzunda zenbait proiektu ari zirela egiten, animatu ginen kooperante moduan bertara joatera, familian. Nire sorpresarako baiezkoa borobil-borobila izan zen".

 

 

Herria eta herritarrak ezagutzera

Hilabete eta erdiz egin ginen Baltistanen, Hushe bailaran, errepideak bukatu eta abenturazale, mendizale eta alpinista guztiek beraien bidea hartzen duten leku horretan, baina, gu ez ginen gailurrak egitera joan. Gu herriak eta herritarrak ezagutzera joan ginen. Bertako jendeari artilezko neguko txanoak egiten gantxillo eta puntu bitartez irakatsi nien, lehenengo nik ikasi ostean… Gaur da eguna Ternuak emakume horiek egindako ehunka eta ehunka txano salduko dituena, beraz, pozik nago. Gainera, modu horretan, emakumeak garrantzitsuak direla adierazten da beraien herrian eta bailarako garapenean, eta ea gizonezkoak konturatzen diren emakumeek zein garrantzitsuak diren han ere.

Aymar Navarro lan berria prestatzen

Pakistango Hushe bailaran bizitakoak kontatu ondoren, Aymar Navarro eskiatzaile arandarrak, Hego Ameriketan egindako proiektuaren aurkezpenaren berri eman zien bertaratutakoei. South Lines izeneko ikus-entzunezkoaren nondik-norakoak azaldu, eta hurrengo proiektuaz berba egiteko ere aprobetxatu zuen. "Pelikularen gainekoak kontatzeaz batera, argazkiak ikusi, eta proiektuan bizitako bitxikeriak azltzeaz gain, aurten grabatzeko proiektuaren gainean ere hitz egingo dut, denboraldi honetan Araneko bailaran grabatuko dugunaz".

Eguenean, Alex Txikon

Eguenean, aldiz, Alex Txikon alpinistaren bisita ere izango dute Gatzagan. Nanga Parbatera neguan egindako lehenengo igoeraren gainekoak azalduko ditu, Mendi Biluzia dokumentalaren proiekzioarekin batera. Sarrera guztiak agortuta daudela ere jakirazi dute antolatzaileek.

Amaitzeko, zapatuan, mendi ibilaldi bat egingo dute Leintz Gatzagari bira emanez, hala, Mendi Asteari amaiera emateko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak