250 biztanle baino gutxiago izanik, hauteskunde sistema desberdina da Gatzagan. Hau da, alderdiari baino, zerrendakideari ematen zaio botoa. Beraz, gaurkoan herritarrek X batekin markatu behar izan dituzte zerrendakideak –gehienez ere lau boto-emaile bakoitzak–.
Hori kontuan izanik, hauek dira udal hauteskundeek utzi dituzten emaitzak:
- Eugenio Otsoa Ugalde: 97 boto.
- Juan Bengoa Pagalday: 79 boto.
- Jon Sasiain Larrucea: 88 boto.
- Garazi Orobengoa Llodio: 99 boto.
- Beñat Agirreurreta Urreta: 81 boto.
- Boto zuriak: 7.
- Boto baliogabeak: 1.
Horrek ez du esan nahi, ordea, boto gehien lortu dituen hautetsia alkate izango denik. Jarduneko alkate Juanito Bengoak azaldu duenez, azaroaren 28an egingo dute bilera, hautetsi bakoitzaren kargua erabakitzeko. Alkatetzaz gain, kultura, hirigintza, ogasuna eta mendiak dira banatu beharko dituzten sailak. Parte-hartzea %65,24koa izan da, duela lau urte baino bi puntu gehiagokoa –%63koa izan zen–.
Zergatik orain?
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan hautagairik izan ez zuten herrietan eman behar izan dute botoa gaur. Izan ere, Espainiako Ministroen Kontseiluak errege dekretu bidez onartu zuen gaurko egunez egin behar zirela hauteskunde horiek –azaroak 17–. Leintz Gatzagan ere hautagairik ez zuten izan maiatzean, baina, azkenean ere, gatzagarrek gaur aukeratu ahal izan dute udalbatza.