ALBISTEAK

Buztinatek hamar urteko ibilbidea ospatu du Eskoriatzan

Oier Zumarraga Aranburu

Eskoriatzako buztingintza eta zeramika elkarteak egun osoko ospakizuna egin zuen zapatuan, 10 urte lokatz artean lelopean. Tailerrak, erakustaldiak eta Urrezko Labea sariaren banaketa izan ziren egitarauko jarduera nagusiak.

Hamar urte bete ditu Eskoriatzako Buztinate buztingintza eta zeramika elkarteak, eta urteurrena herritarrekin batera ospatu zuen zapatuan, 10 urte lokatz artean lelopean. Fernando Eskoriatza plaza izan zen ospakizunaren gune nagusia. Egun osoko egitaraua antolatu zuten, buztingintza herritarrei gerturatzeko.

Goizean, Zubiate museora bisita gidatua egin zuten. Ondoren, haurrek zein helduek buztina lantzeko aukera izan zuten plazan antolatutako tailerrean. Babarrun-dastaketa ere egin zuten, urteurrenerako propio egindako zeramikazko katiluetan. Horrez gain, tonbola, katarsi espazioa eta ikasleen lanen erakusketa izan ziren.

Arratsaldeko jarduera ikusgarrienetako bat 'Raku' teknikaren erakustaldia izan zen. Jatorri japoniarra duen teknika horretan, zeramikazko piezak 900 gradu inguruko tenperaturan berotu zituzten. Labetik atera ondoren, hainbat materialekin estali eta uretan sartu zituzten, kolore eta akabera bereziak lortzeko.

Urrezko Labea saria, Udalari

Erakustaldiaren ostean, Urrezko Labea saria banatu zuten. Aurten, Eskoriatzako Udalari eman zioten aitortza, elkarteari hamar urteko ibilbidean eskainitako laguntza eskertzeko. Edorta Zubizarreta alkateak jaso zuen saria.

Ospakizunaren bidez, Buztinatek bere ohiko lan-eremutik atera eta herritarrei elkartearen jarduna erakutsi nahi izan zien. Elkarteko kideek nabarmendu zutenez, buztingintzarekin aurrez harremanik ez zuten herritar asko gerturatu ziren antolatutako jardueretara, eta, horregatik "pozik" amaitu zuten.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak