Beste hamar urte "lokatz artean" jarraitzeko prest

Larraitz Zeberio Lekuona

Eskoriatzako Buztinate elkarteak hamar urte bete ditu eta urteurren borobila ospatzeko kalera atera dituzte tailerreko zenbait tornu, labe eta zeramika. Herriko buztingintza-tradizioari eusten jarraitzeko asmoa agertu dute, eta esan dute herritar asko gerturatu zaizkiela jakinmin handiarekin. 

Zubiate museora bisita, haurrendako zein helduendako buztin tailerra, katarsi espazioa, babarrun-katiluak eta raku erakustaldia. Buztingintzarekin lotutako askotariko aukerak izan dira gaur Eskoriatzan eta giro eta erritmo onean joan dira gauzak.

Plaza inguruan egin dituzte ekintza gehienak eta eguerdi partean gogoz aritu dira umeak zein helduak buztingintza tailerrean. Kalean jarritako mahaietan nork bere artelanak egiteko aukera izan du eta txikienek bereziki asko egin dituzte.

Plazan jarritako txosnaren parean babarrun-katiluak banatu dituzte Buztinatekoek eta usain eta zapore gozoa zuten denen esanetan. 

Arratsaldeko raku erakustaldiak zur eta lur utzi ditu asko eta asko. 900 gradu har ditzakeen labean sartu dituzte hainbat zeramika pieza eta irtendakoan estali eta uretan sartu dituzte. Kolore ikusgarrietako piezak irten dira behin prozesuko zikinak kenduta.

Urrezko labea Udalari

Egunari amaiera emateko Urrezko labea banatu dute. Udalarendako izan da eta herriko alkate Edorta Zubizarretak jaso du erakundearen izenean. Aitortzarekin Buztinate elkarteko kideek urteetan erakutsitako prestutasuna eta emandako laguntza eskertu nahi izan diote Udalari. Eskaera ere egin diote; aurrerantzean ere horrela jarraitzeko.

Egunak emandakoaren bueltako balorazio positiboa egin du elkarteko kide Olatz Pagaldaik. "Jende asko gerturatu zaigu eta asko eta asko gure elkartearekin harremanik ez duen jendea. Pozgarria da hori. Eskoriatzako eta inguruko herrietako jende asko dabil Buztinaten baina garrantzitsua buztingintza-tradizioari eusten jarraitzea", esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak