ALBISTEAK

Luciano Arkauz gogoan, Memoria Antifaxista Bizia taldeko kideek eta herritarrek egindako ekitaldian

Idoia Aranbarri Arzuaga

90 urte bete dira 1936an tropa faxistak Eskoriatzara iritsi zirenetik, eta, mugarri hori kontuan hartuta, Memoria Antifaxista Bizia taldeko kideek eta herritarrek omenaldia egin zioten domekan Luciano Arkauz Iturberi. Duela 90 urte hil zuten gazte eskoriatzarra Francoren tropa faxistek, eta haren omenez, plaka bat jarri dute Memoria Antifaxista Bizia taldeko kideek.

Eskoriatzako Lete auzoko iturriaren alboan egin zioten omenaldia Arkauzi; indar faxistek hil zuten lehenengo eskoriatzarrari. Memoria Bizia taldekoek duela 90 urteko gertakari horiek gogora ekarri zituzten, eta ostean, Arkauzen ondorengo Ane Eraña Lezetak azaldu zuen bere aitonaren anaia Lete auzoko baserri batean bizi zen 15 urteko mutil gaztea zela, baserri mundutik bizi zen herritar xume bat. Halako omenaldiak garrantzitsuak direla aitortu zuen Erañak: "Omenaldia bere memoria ez galtzeko da. Apur bat hona ekartzeko, kontatzeko eta jendeak ikusteko zer gertatu den, eta ez geratzeko hor atzean ahaztuta".

Memoria Antifaxista Bizia taldeko kideek antolatutako ekitaldia izan zen, memoria berreskuratzea dute helburu, eta domekan Luciano Arkauzi omenaldia egiteaz gain, beste bi plaka jarri zituzten. Ekintza gehiago iragarri dituzte datozen hilabeteetarako; Urria Odoltsua esaterako.

Memoria ekitaldia amaitzeko, 13:00etan, Herriko Plazan, 36ko gerran sortutako eta konposatutako kantuak ekarriko zituen gogora Joseba Tapiak, Errekan Gora ekimenak antolatutako kontzertuan.

Erlazionatuak

Luciano Arkauz Iturberen omenaldiko argazkiak

Aitziber Aranburuzabala Juldain ira 20 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak