Luciano Arkauz Iturbe eskoriatzarra omendu dute Lete auzoan

Josu Bilbao Atxutegi

90 urte bete dira 1936an tropa faxistak Eskoriatzara iritsi zirenetik, eta, mugarri hori kontuan hartuta, Memoria Antifaxista Bizia taldeko kideek eta herritarrek omenaldia egin diote Luciano Arkauz Iturberi.

Eskoriatzako Lete auzoko iturriaren alboan egin diote gaur omenaldia, Luciano Arkauz Iturberi. Duela 90 urte hil zuten gazte eskoriatzarra Francoren tropa faxistek, eta haren omenez, plaka bat jarri dute Memoria Antifaxista Bizia taldeko kideek. 

Omenaldira Eskoriatzako eta inguruetako herritar ugari batu dira. Memoria Bizia taldekoek duela 90 urteko gertakari horiek gogora ekarri dituzte, eta ostean, Lucianoren ondorengo Ane Eraña Lezetak bere aitaitaren anaiaren gaineko historia kontatu du jendaurrean. Omenaldiari amaiera eman dio ohorezko aurreskuak, eta herritarrek loreak utzi dituzte oroimen-plakaren aldamenean. 

Hil zuten lehen eskoriatzarra

Luciano Arkauz Iturbe indar faxistek hil zuten lehenengo eskoriatzarra izan zen, eta hura gogoan izan dute gaurko ekitaldian, haren omenezko plaka jarrita. Luciano familiaren baserrian bizi zen Eskoriatzako Lete auzoan, bere bederatzi anai-arrebekin. "Herritar bat, baserritar bat, besterik ez zen izan" eta 15 urte zituela hil zuten tropa faxistek Eskoriatzara sartu zirenean.

Joseba Tapiaren emanaldia

Omenaldia borobiltzeko, Errekan Gora jaialdiarekin elkarlanean, Joseba Tapia eta bere taldekideek Agur Intxorta maite diskoko kantuak eskaini dituzte Eskoriatzako plazan. Kontzertuan, tropa faxistak Euskal Herrira heldu eta Bilbo hartu artekoak gogoratu dituzte.

Erlazionatuak

Luciano Arkauz Iturberen omenaldiko argazkiak

Aitziber Aranburuzabala Juldain ira 20, 16:15 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak