Joan den urteetako balorazio positiboak ikusita, antolatzaileek formatuari eustea erabaki dute. Hala, Eskoriatza asteburu oso batez musikaz beteko da, hainbat estilotako talde eta artistak herrira ekarriz. Aurten ere bi agertoki nagusi izango dira: batetik, Inkernu tabernaren aurrealdeko gunea, eta, bestetik, Fernando Eskoriatza plaza. Kontzertuak bi espazio horien artean banatuko dira, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, "gustu eta belarri guztientzat" prestatutako egitaraua osatu dute.
Urtero legez inguruko taldeei ere lekua egin nahi izan diete eta Inkernu inguruan arituko dira. Orei, Aretxabaletako taldea, egubakoitzean izango da; eta Maniaks, Arrasateko taldea, zapatuan.
Bestalde, aurtengo edizioan badago osagai historiko berezi bat, izan ere, 90 urte igaro dira Eskoriatza faxisten eskuetan erori zenetik, eta urteurren horren harira, antolatzaileek azpimarratu dute Joseba Tapiaren igandeko ikuskizuna berezia izango dela.
Irailak 18, egubakoitza
- Orei, 19:30, Inkernu kanpoan.
- Arene 6, 22:30ean, herriko plazan.
Irailak 19, zapatua
- Arnau and The Honky Tonks Losers, 13:00ak, herriko plazan.
- Maniaks, 21:00etan, Inkernu kanpoan.
- Les Testarudes, 22:30ean, herriko plazan.
Irailak 20, domeka
- Joseba Tapia, 13:00etan, herriko plazan.
- Petti, 19:00etan, herriko plazan.