Goienak uztailean aurreratu bezala, Julen Arriolabengoa Euskaltel Euskadi taldearekin lehiatuko da hurrengo denboraldian. Taldeak iragarpena ofizial egin du dagoeneko, eta horrenbestez, erabat baieztatuta gelditu da eskoriatzarrak maillot laranja jantziko duela.
Lehen eskaintzak maiatzean
Aspalditik datorren kontua dela azaldu du Arriolabengoak. Maiatzean heldu zitzaizkion lehen eskaintzak, eta uztailean kontratua sinatu arte gaiari bueltak ematen egon zen. "Atzetik datorren zerbait da. Maiatzaren hasieran jaso nuen lehen aldiz eskaintza bat. Hasiera batean zalantza egin nuen. Bizitza osoa egin dut Caja Ruralen, lehenengo filialean eta gero profesionaletan. Hasieran arraroa egiten da, baina pentsatzen joan nintzen, eta ez zidaten presarik sartu, lasaitasuna transmititu zidaten lehen unetik", azaldu du Arriolabengoak.
Azkenean, erabakia hartu eta bi urteko kontratua sinatu du Euskaltelekin: "Ekaina erdialdean edo erabakia hartu nuen. Eskaintza ona zen, eta nire taldearekin hitz egin ostean ikusi genuen hau zela niretzat aukera onena, eta orain ilusio handiarekin nago".
Amets bat betetzen
Euskal Herrian ugariak dira maillot laranjak ikusten hazi diren zaletu eta txirrindulariak. Arriolabengoa ez da salbuespena, eta berak ere gogoan dituen lehen maillotak Euskaltel taldekoak dira. Orain, taldearen parte bilakatzea amets bat betetzea izan da: "Txikitan, hasi nintzenean, gogoratzen dudan lehen maillota, eta Itzulia hemendik igarotzen zenetik gogoan dudana Euskalteleko maillot laranjak dira. Edozein txirrindularirentzat da garrantzitsua Euskalteleko maillota janztea, baina, euskaldun batentzat oraindik gehiago. Ilusio askorekin hartzen dudan zerbait da".
Proiektu indartsua osatzen
Euskaltel albiste izan da azken hilabeteetan Mikel Landa bezalako izen handiak fitxatu dituelako hurrengo denboraldirako. Proiektua indartzen ari denaren seinale da hau Arriolabengoarentzat: "Proiektua hobetzen ari dela uste dut, eta hurrengo urtean ere bultzada handia izango dela. Mikel Landaren fitxaketak, bereziki, aukera berri asko ekarriko ditu eta taldeak aukera berriak izango ditu. Gora egiteko aukera ere bai. Urte oso on baten heltzen naizela uste dut".
Eskoriatzarrak ere ekarpena egin nahi du proiektu horren egonkortzean, eta bere burua ondo ikusten du: "Heldutasun puntu batera heltzen ari naizela uste dut. Aurten emaitza hobeak eskuratzen hasi naiz. Hurrengo bi urteetarako konfiantza eman didate talde honetan".