ALBISTEAK

Campusak lotzeko bira bereziaren ostean, musikarekin amaitu du Huhezik 50. urteurreneko ospakizuna

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko uztailaren 13a

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak amaiera eman die 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiei. Ikasturte osoan zehar hilero gai nagusi baten bueltan jarduerak egin ostean, hilaren 11n amaiera eman zioten ikasturte berezi honi Eskoriatzako fakultatean.

Ospakizunekin, baina, hilaren 10ean hasi ziren. Bilbo, Aretxabaleta eta Eskoriatzako campusak lotu zituen ibilaldia egin zuten, kayakean, bizikletaz eta oinez. Hilaren 11n amaitu zuten ibilaldia eta ostean bazkaria egin zuten Eskoriatzan. Amaitzeko, Bele eta Mugi Panderoa taldeen kontzertuak izan ziren protagonista. Lide Hernando buru duen Bele taldea izan zen jotzen lehena, eta jende gehiegi batu ez bazen ere, kontzertu ederra eskaini zuten. Ondoren, Eibarko Mugi Panderoa erromeria taldeak hartu zuen lekukoa. 

Mende erdia behar bezala ospatzeko hilero fakultatearen oinarrian dauden balioetako bat hartu dute ardatz Huhezikoek. Aniztasuna, feminismoa, euskara edo ongizatea bezalako gaiak landu dituzte hitzaldien, antzerkien, kontzertuen eta bestelako ekitaldien bidez. Fakultateko dekano Nagore Ipiñak azaldu duenez, ondo joan dira ospakizunak; eta, fakultatearen komunitatea indartzeko ez ezik, herriarekin partekatzeko ere antolatu dituzte ekitaldiok: "Balorazio positiboa egiten dugu. Egunero ez dira 50 urte betetzen... Esfortzua suposatu du antolaketak, baina merezi izan du. Saiatu gara 50 urte hauek guk bakarrik ospatu beharrean, campusak ditugun herriekin ere partekatzen horren berezia den une hau". 

Ikasturte berezia atzean utzi berri badute ere, Ipiñak aurreratu du datorren ikasturtera begira jarrita lanean daudela, eta egongo direla nobedadeak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak