Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak amaiera eman die 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiei. Ikasturte osoan zehar hilero gai nagusi baten bueltan jarduerak egin ostean, atzo amaiera eman zioten ikasturte berezi honi Eskoriatzako fakultatean.
Jaia eguenean hasi zen. Bilbo, Aretxabaleta eta Eskoriatzako campusak lotu zituen ibilaldia egin zuten, kayakean, bizikletaz eta oinez. Atzo, berriz, eguenean hasitako ibilaldia amaitu eta bazkaria egin zuten Eskoriatzan. Amaitzeko, Belek eta Mugi Panderoak girotu zuten jaia.
Urteurrenaren harira, hilero fakultatearen oinarrian dauden balioetako bat hartu dute ardatz. Hala, aniztasuna, feminismoa, euskara edo ongizatea bezalako gaiak landu dituzte hitzaldien, antzerkien, kontzertuen eta bestelako ekitaldien bidez. Nagore Ipiña fakultateko dekanoak azaldu duenez, ospakizunak fakultatearen komunitatea indartzeko ez ezik, herriarekin partekatzeko ere antolatu dituzte. "Urtero ez dira 50 urte betetzen. Esfortzu handia egin dugu, baina balorazioa ere oso positiboa da", adierazi du.