Arratsaldeko egitaraua herriko gaztetxoen partidekin hasi zen. Ondoren iritsi zen eguneko unerik bereziena: Eskoriatzako Pilota Taldearen aurkezpen ofiziala. Ekitaldia txalaparta doinuek eta euskal dantzek girotu zuten, eta talde berriko kideak aurkeztu zituzten frontoian bildutako ikusleen txalo artean.
Urte luzez herrian pilota talde federaturik egon ez den arren, hutsune hori betetzea lortu dute sustatzaileek. Taldearen bultzatzaile Oskar Ruiz de Apodakak aitortu zuenez, bidea ez da erraza izan, "sufrimendu asko izan da, baina iritsi gara puntu honetara". Azaldu zuen egitasmoa Arizmendi kirol egituratik sortu dela, baina adin batetik aurrera gazteek ez zutela Eskoriatzan bertan federatuta jokatzeko aukerarik. "Arizmenditik gatoz, baina umeek pauso bat gehiago ematean Eskoriatzan ez zuten jokatzerik", adierazi zuen.
Herritarren inplikazioa beharrezkoa
Ruiz de Apodakaren esanetan, taldearen helburua da herriko pilotariek etxean jarraitzeko aukera izatea eta belaunaldi berriak erakartzea. "Helburua da Eskoriatzan geratzea, odol berria ekartzea, zaharrak mantenduz eta oreka mantenduz", azaldu zuen. Horrez gain, herritarren inplikazioa ere eskatu zuen: "Eskoriatzako jendeari deia egiten diogu; laguntza beharko da frontoian, eta frontoia herriari irekita egongo da".
Goñi eta Zugasti txalo artean
Aurkezpenaren ostean, jaialdiko bi partida nagusiak jokatu zituzten. Lehenengoan, Iker Urmenetak eta Jon Erasunek 22-18 irabazi zieten Iñaki Lizasori —Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidentea— eta Manex Balerdiri. Lizasok berak ere balioan jarri zuen talde berriaren sorrera. "Garrantzitsua da Eskoriatza bezalako herriek eskupilota taldeak izatea. Gazteak pilotan apuntatzeko oso garrantzitsua da".
Bigarren neurketan, Julen Urruzolak eta Aritz Zugasti herriko pilotariak Mikel Goñi eta Aitor Alduntzin izan zituzten aurkari. Lau pilotariek maila handiko ikuskizuna eskaini zuten, tanto ikusgarriz beteriko partida batean. Azkenean, etxeko bikoteak eskuratu zuen garaipena, 22-19ko emaitzarekin. Harmailetatik txalo zaparradarik handienak, Aritz Zugastik eta Mikel Goñik jaso zituzten.
Etxean jokatzeko aukera
"Urte dexente eta gero lortu da taldea ateratzea, eta pozik eta ilusioarekin gaude", adierazi zuen Zugastik. Herriarentzat pauso garrantzitsua dela ere azpimarratu zuen, "oso garrantzitsua da pilota Eskoriatza bezalako herrientzat".
Orain arte beti etxetik kanpo jokatu behar izan zuen pilotari eskoriatzarrak. "Nik beti kanpoan jokatu behar izan dut, beti bakarrik Eskoriatzan; aukera oso polita da hau", azaldu zuen, talde berriak datozen belaunaldiei emango dien aukeraz harro. Gainera, frontoian bizi izan zen giroa goraipatu zuen: "Giro ederra zegoen frontoian, eta gogotsu jokatu dugu partida".