Arratsaldeko egitaraua herriko gaztetxoen partidekin hasi zen. Horien ostean iritsi zen ekitaldiko unerik bereziena: Eskoriatzako pilota talde federatuaren aurkezpena. Ekitaldia txalaparta doinuekin eta euskal dantzekin jantzi zuten.
Aurkezpenaren ostean, bi partida jokatu ziren. Lehen neurketan, Iker Urmenetak eta Jon Erasuniek 22-18 irabazi zieten Iñaki Lizasori –Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidentea– eta Manex Balerdiri.
Bigarren norgehiagokan, berriz, Julen Urruzolak eta Aritz Zugastik, herriko pilotariak, Mikel Goñi eta Aitor Alduntzin izan zituzten aurkari. Ikuskizun ederra eskaini zuten lau pilotariek, eta azkenean Urruzolak eta Zugastik eskuratu zuten garaipena, 22-19ko emaitzarekin. Pilotarien artean, Aritz Zugasti eta Mikel Goñi izan ziren harmailetatik txalo zaparrada handienak jaso zituztenak.