ALBISTEAK

Maiatzaren hasierarekin batera iritsi da lore azoka Eskoriatzara, Axtrokiren eskutik

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko maiatzaren 4a

Eskoriatzako Axtroki merkatarien elkarteak antolatuta, maiatzarekin batera egin dute aurten ere lore azoka Eskoriatzan. Fernando Eskoriatza plazan jarri dituzte Usurbildik ekarritako  landareak, loreak zein fruitu-arbolak; guztien artean salduenak izan dira limoiondoak eta margarita loreak dituzten landareak.

Usurbildik ekarri zituzten azokara loreak, hango Urtinea Lorak izeneko mintegitik, eta gelditu barik ibili ziren goiz guztian jendeari eskatutakoa ematen eta euren zalantzak argitzen ere. Loreak ez ezik, lur-zakuak ere askok eroan zituzten. Gustukoenak, eta bakoitzaren balkoiak apaintzeko aproposenak izan daitezkeen landareak erostera joan ziren eskoriatzarrak zapatuan plazara. Eta gehien saldutakoak izan ziren limoiondoak eta margaritaren familiakoak diren dimorfoteca landareak.

Azken urteetan bezala, maiatzaren hasierarekin batera antolatu zuen lore azoka Axtroki merkatarien elkarteak. Aurreko hilabeteetan herriko dendetako zigiluak lortzen ibili ziren herritarrak; landareengandik trukatzeko txartelak lortu zituzten zigilu horiekin.

Urtean zehar hiru ekintza handi antolatzen ditu Axtroki merkatarien elkarteak: iraileko saiheski-jana, Gabonetako zozketa eta maiatzeko lore azoka. Azken hau, egonkortu egin dela zioten, herritarren "harrera ona" ikusita.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak