Lur Anitz Fest jaialdia ospatu dute asteburuan Eskoriatzan, aniztasunean, inklusioan eta LGTBIQ+ komunitatearen ikusgarritasunean eragiteko asmoz. Gay Lur Euskadi elkarteak antolatu du, eta bigarren urtez jarraian egin dute Eskoriatzan, elkartea han sortu zenez, beste leku batean egiteak "zentzurik ez" duela iritzita. Jaiaren helburuaz jardun du Jonathan Galan eskoriatzarrak, Gay Lur Euskadi elkarteko presidenteak: "Heterofriendly-ekin eta herritarrekin egotea da, batez ere, gure helburu nagusia; herritarrekin egotea. Ikusgarritasunari dagokionez ere duela bi urte pentsatu genuan landa eremura etorri behar ginela, garrantzitsua dela uste baikenuen, beti egiten genituelako hitzaldiak eta ekitaldiak hirietan".
Ibarraundi museoan, Joseba Iñurrategi pilotalekuan, Fernando Eskoriatza plazan eta Zaldibar antzokian egin dituzte asteburuan ekintza guztiak, hala nola antzerkiak, drag ikuskizunak, poteoak eta Gaylur Gala. Ikasturte berri honetan egingo dituztenen berri ere eman dute; esate baterako, mendi ibilaldiak egiten segituko dute, egitasmoaren sorreran hasitakoari jarraipena emanez. Horrez gain, museoetara bisitak, jolasak eta Benidorm Fest-era eta Karpin Aventurara irteerak ere egingo dituzte, besteak beste. Jaialdiaren iazko eta aurtengo arrakasta ikusita, gelditzeko etorri da eta datorren urtean hirugarren edizioa egingo dutela aurreratu dute; baita jakitera eman ere Leticia Sabater artistaren emanaldia egongo dela aniztasuna oinarri duen jaialdiaren hirugarren edizioan.
Proiektu berriak abian
Webgune berria estreinatuko dute aurki eta Jon Ibañezek gidatutako podcasta ere jarriko dute martxan. Bestetik, liburu bat kaleratzea ere badute asmoen artean eta herritarren 10 bizipenekin osatuta egongo da hau. Interpretazioa gustuko dutenek ere izango dute non gozatu: Izpiak antzerki taldea sortzea dute-eta helburu; urriaren 11n egingo dute hurrengo ikastaroa Bilbon. Hala, antzezlan bat sortzea eta estreinatzea gustatuko litzaieke taldeko kideei.
Euskaditik kanpo ere bai
GayLur Trek jarriko dute abian, Euskaditik kanpo mendi ibilaldiak egitea. Aste Santuetako jai egunetan Asturiaserako bidea hartuko dute; bertan, arroila-jaitsiera, raftinga eta bi mendi ibilaldi egingo dituzte. Aurrez, baina, urriaren 5etik 8ra bitartean, Palentziara joango dira Madrileko GayLur-eko kideekin elkarlanean antolatu duten txangora.
Pertsona nagusiak ere gogoan izan dituzte, eta, orain artean bezala, zahar etxeetan egin izan dituzten saioak egiten jarraituko dute; Madrilen dagoen LGTBIQ+ erresidentzia batean saio bat egiteko asmotan dira.