Adin ezberdinetako pertsonentzat ekintza oro antolatu dituzte astean zehar. Besteak beste, piñata jarri zuten haurrentzat, Besarkada Eguna ospatu zuten Oihulari Klownekoek lagunduta, Jose Arana zaharren egoitzako egoiliarrak paseoan atera zituzten trikitilariek lagunduta, Chente musikariaren kantu mexikarrak izan ziren entzungai…
Chico Infiernoren ordez, Orekakero taldea
Hala ere, gaur eta bihar jarraituko dute ospakizunek. Gaurko egitarauan aldaketa bat egin dutela azaldu du Oihana Irazuk, EskoZap elkarteko kideak. "Txoko Feministan iragarrita genituen kontzertuak Fernando Eskoriatza plazan izango dira, eta, bi taldeetako bat ordezkatu behar izan dugu, Chico Infiernoren ordez, Orekakero talde eskoriatzarra arituko da, eta gero, aurreikusita genuen Bad Sound taldea. Gainera, takotegia jarriko dugu, mokadutxo bat jan nahi duenarentzat".
Zapatuan, bazkari mexikarra eta bazkalostea girotzeko ikuskizunak
Zapatuan, berriz, bigarren eskuko eta artisauen azoka izango da, hirugarren urtez errepikatzen duten Burrunbazale txaranga ere, eta baita urteroko bazkari mexikarra, beste hainbat ekintza azpimarragarrirekin batera. "Autore Erotua bakarlariaren saioa eta Abraham Arzateren ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute bazkarira datozenek, zein gainontzeko herritarrek".
Eskerrak laguntzaileei
EskoZapeko kideek eskerrak eman nahi izan diete egitasmoa aurrera ateratzen laguntzen ari diren elkarte, eragile eta norbanakoei, eta bide batez astea borobiltzeko geratzen diren ekintzetara gerturatzeko gonbidapena egin dute.