Landaketa Torrebason, 23 jaioberrien izenean

Imanol Beloki Unamuno 2024ko urt. 25a, 15:59

Domekan 11:00etan batuko dira 2023an jaiotako haurrak, Ibarraundi museoan, etxekoek lagunduta, zuhaitz landaketa egiteko. Aurten, Torrebaso industrialdean egingo dute. Gainera, 2005ean eta 2008an jaiotakoak ere batuko dira.

Iaz 23 haur jaio ziren Eskoriatzan, eta haien omenez egingo da, beste urte batez, zuhaitz landaketa. Familiek jaso dute domekan egingo den ekintzan parte hartzeko gonbidapena, eta animatzen direnentzako hitzordua 11:00etarako egin dute, Ibarraundi museoan. Han batu, zuhaitz landaketaren gaineko zenbait azalpen jaso, landareak hartu eta Torrebasora joango dira; izan ere, hantxe egingo dute aurtengo zuhaitzen landaketa.

Urtero moduan, ekintza sinboliko horrekin zenbait balio transmititu nahi ditu Eskoriatzako Udalak. "Zuhaitzek gure bizitzan duten garrantzia ikusarazi nahi da, eta jaioberrien familiak horren parte izatera gonbidatu. Zuhaitzek oinarrizko rola dute gure eguneroko bizitzan, ez bakarrik bizitza garatzeko funtsezko zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dituztelako, baizik eta bestelako giroa sortzen dutelako, biodibertsitatea erakartzen dutelako, ura bizi-baliabide gisa babesten dutelako eta bizi-kalitatea, osasuna eta ongizatea hobetzen dutelako", adierazi du Saioa Altzuak, Eskoriatzako Udaleko Ingurumen Saileko teknikariak.

Eskaerari erantzunez

Iaz, egitasmoak aurrera egin zezan, ekintza elizateetara bideratzea ere proposatu zuten, hasiera batean; izan ere, lursaila izatea ezinbestekoa da landaketarako, eta herrigunean leku falta dago. Aurreko zenbait ediziotan ere leku bila ibili izan dira; landatutako zuhaitzak hainbat kasutan indarrik hartu ez eta ez dira hazi… Hala ere, aurtengo ediziorako topatu dute landaketarako leku aproposa, eta landatutakoak indartsu haziko diren aurreikuspena dago. "Landatzeko leku arazoa dago herrigunean. Zuhaitzak handi egiten diren landareak direla argi izan behar da, eta haientzat leku dezente behar izaten da. Iaz, Aste Berdea egin genuenean, lanera joateko eta alde batetik bestera mugitzeko motor gabeko ibilgailuak erabiltzen dituztenekin topaketa egin genuen. Haiek esan ziguten bizikleta asko erabiltzen zutela… baina bidegorrian gerizpe falta dagoela zati batean. Beraz, herritar haien eskaerari erantzunez, Torrebaso industrialdean egingo dugu aurtengo landaketa", adierazi du Altzuak.

Gonbidapen berezia

Hainbat espezie landatuko dituzte, eta, guztira, hamabi zuhaitz ingururentzat lekua izango dela aurreikusten dute; hala, taldeetan banatuta egingo dute landaketa. Bi familiako zuhaitz bat landatuko dute, eta ez hori bakarrik: gonbidapena ere egin diete beste familia batzuei. Izan ere, iaz, Aingeru Guardako skate parke berria egiteko obrak hasi zirenean, sei zuhaitz kendu behar izan zituzten; hain zuzen ere, 2005ean eta 2008an jaiotakoen izenean landatutako zuhaitzak. Hori horrela, aurtengo Zuhaitz Eguneko landaketarako, urte haietan jaiotako pertsonei gonbidapena egin diete, haiek era parte hartu dezaten.

Pailazoek oparitutako pagoa

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek euren ikuskizunean Eskoriatzari eskainitako pagoa ere landatzeko aprobetxatuko dute. Iazko azaroaren 24an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Ez gara jaitsiko ikuskizuna eskaini zuten Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian, Amazoniaren eta ama lurraren zaintzari irriak, jolasak eta kantuak eskainiz; eta emanaldi hartan pago bat oparitu zioten Eskoriatzako herriari, Zuhaitz Egunean beste zuhaitzekin batera landatzeko. Hortaz, pago hori gainontzeko lizar, astigar eta elorriekin batera landatzeko ere aprobetxatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak