Etxekoek Apotzagan daukaten baserriko atartean erantzun ditu GOIENAren galderak, gaur egun bera Araban bizi da-eta. Hala, Euskalteleko Mikel Aristik eta Julen Irizarrek bizikleta zintzilikatzerakoan ibarrean utzitako hutsunea beteko du Arriolabengoak. Caja Ruraleko lehenengo taldera egingo du salto.
Merezitako oporrez gozatzen?
Bai, parrandaren bat egin dut, feriaren batean ere izan naiz... Egutegi oso betea izan dugu aurten, eta atseden hartzea ere garrantzitsua da, baita mentalki ere.
Bete duzu ametsa, txirrindulari profesional izango zara.
Halaxe da; Caja Ruraleko lehenengo taldera egingo dut salto. Txirrindulari batzuek ia ezustean ematen dute saltoa, ez da nire kasua. Umetatik nahi izan dut txirrindulari profesional izan, horretarako egin dut lan eta amets hori izan dut. Bada, lau urtez amateur mailan ibili eta gero, lortu dut.
ProTeam mailara pasako zara, gogotsu?
Bai, gogo handiz nago. Motibazioari eusteko aurrerapauso bat eman behar nuela sentitzen nuen. Orain, lasterketetan, telebistan ikusten ditudan horiek izango ditut ondoan, eta euren kontra indarrak neurtzea baino motibazio handiagorik ez dago. Gainera, oso gustura nago Caja Ruralen. Talde ona da, gaztetatik ezagutzen naute, eta egutegi polita egin ahal izango dugu.
Tartean izango dituzue Euskal Herriko Itzulia edota Donostiako Klasikoa moduko lasterketak... Baita nazioartean lehiatzeko aukera ere.
Halaxe da, eta halakoren batean egoteko aukera izatea sekulakoa da. Taldean badakite txirrindulari bakoitzari zerk egiten dion ilusioa, esaterako, euskaldunondako Itzulia lasterketa berezia dela... Gure lehentasunak zeintzuk diren galdetzen digute, eta noski, gero ikusi egin behar da taldeak lasterketa horretarako ze txirrindulari mota behar duen, zeintzuk diren bakoitzaren ezaugarriak, sasoi onean ote zauden... Baina bai, halako lasterketetan egoteko aukera izan dezakedala pentsatzeak ilusio galanta egiten dit.
Denboraldi ikusgarria Oñatin errematatu duzu.
Bai, garaipen batekin hasi nuen urtea, eta Oñatin ginga jarri nion. Berezia izan zen Oñatiko kaleetara ihes eginda iristea. Kuriosoa da, Lehendakari Txapelketan hiru lasterketa irabazi ditut, baina ez naiz sailkapen orokorraren borrokan egon. Eta kontrara, Euskaldun Torneoa irabazi dut lasterketarik irabazi barik, erregularra izanda.
Hori da zure ezaugarrietako bat?
Baietz esango nuke, erregulartasuna. Igotzailea naiz eta malda gora amaitzen diren etapetan ondo moldatzen naiz. Bestalde, itzuli luzeetan ikusi dut gorputzak ondo erantzuten didala. Amateur mailan erregulartasun horrek asko balio du. Akaso, profesional mailan normalagoa izaten da ziklista batek urtean bizpahiru aldiz sasoi puntu oso ona izatea, baina amateurretan garrantzitsua da puntutik ez pasatzea, eta hilabete askotan lehiakorra izatea.
Irailean, besteak beste, Garrastatxuko maldetan erakutsi zenuen goraka duzun erraztasuna. Dena emanda iritsi zineten helmugara.
Gauza kuriosoa gertatu zitzaidan Baranbioko lasterketan. Azken igoeran bizikletako katea irten zitzaidan eta garaipenerako aukera denak galdu nituela pentsatu nuen. Bizikletatik jaitsi, katea sartu eta azken kilometro horretan dena emanda, aurrekoak harrapatu eta lehenengo helmugaratu nintzen. Uste dut inoiz ez dudala horrenbeste sufritu.
Ikustekoa da zuen mailan Caja Rural Aleak egin duen urtea...
Bai, talde moduan amateur mailan 32 lasterketa irabazi ditugu, ziklista asko nabarmendu gara eta ez da izan erraza gora egitea. Duela gutxi esan didate ofizialki gora igoko nintzela, ez pentsa.
Aurten ezingo duzu oporraldia askorik luzatu.
Ez, talde berriarekin abenduan izango dut-eta urteko lehen kontzentrazioa, eta bertara txukun samar joan nahiko nuke [Barreak].