Eskoriatzako EH Bilduko kideek herri batzarra egin zuten atzo, Udal hauteskundeetara begira hautatutako zerrenda berresteko. Eibarren jaio baina urte askoan Eskoriatzan bizi den Eluska Irazu buru duen zerrenda osatzeko bi irizpide hartu dituztela kontuan adierazi du Irazuk berak: "Herrian parte hartzen duten hainbat talde eragile hartu ditugu kontuan, eta horiengana zuzendu gara; hor ditugu erretiratuak, gazteak, ikastetxeetako kideak, feministak… Eta talde plurala osatu dugu. Proiektu honetan parte hartu gura duten jendea dago, noski. Eta beste batzuek, argazkian agertuan ez arren, lanerako gertu daudela esan digute. Hortaz pozik gaude".
Lau lan ildo zehaztuta
Herriko eragileekin hainbat bilera egin dituztela onartu du Irazuk, horien ekarpenak jasotze aldera: "Asmoa da ildo batzuk zehaztea horiekin eta herri proiektu bat abian jarri". Lau proiektu "potolo" dituzte jomugan. Batetik dago etxebizitza plana: "Edadetuentzat, gazteentzat, babesa behar dutenentzat… Tutoretzapeko eta etxebizitza komunitarioen ildotik ere sustatu gura dugu".
Irisgarritasuna eta mugikortasuna da bigarren lan ildoa: "Herrian dauden puntu beltzak kentzen saiatuko gara eta arazoak non dauden antzematen eta konpontzen; osasun zentrora iristeko zailtasunak dituzte batzuek, esaterako. San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetan ere badituzte mugikortasun zailtasunak hainbatek leku batzuetara iristeko. Bidebarrieta zonaldeari garrantzia eman eta Kuatruenaraino pasealeku bat egin gurako genuke, guztiondako irisgarria dena".
Ekintzailetza sustatzearen alde ere egingo dutela lan zehaztu du EH Bilduren alkategaiak: "Herriko merkataritza biziberritu, herria bera indartzeko eta herri nortasuna berreskuratzeko. Eta horretarako, zein laguntza dauden begiratuko dugu, eta herritarren ekarpenak jaso".
Azkenik turismoa sustatu gurako lukete: "Eskoriatzak eta inguruak izugarrizko ondarea dute eta ez dago balioan jarrita gaur egun, hortaz, horren alde egin behar dugu".
Lanerako "gogotsu"
Esperientzia dutenek –bukatzear den agintaldian lanean jardun dutenak– zein lehenengoz politikara gerturatu direnek bat egin dutela taldean aipatu dute: "Ni ez naiz politikaria, baina herrigintzatik nator, gogotsu nago, ilusioarekin. Eta jendea atzean baldin badugu indarra eta babesa ematen, zergatik ez dugu egingo ba aurrera? Bai horixe!".
Hona hemen zerrenda osorik:
- 1. Eluska Irazu
- 2. Nestor Arana
- 3. Dorleta Sologaistoa
- 4. Ander Errarte
- 5. Iñaki Lizundia
- 6. Naroa Esnal
- 7. Kristina Kardenal
- 8. Xabier Uriarte
- 9. Pili Lezeta
- 10. Aitor Zubizarreta
- 11. Beñat Illarramendi
Ordezkoak:
- 1. Marisol Andrade
- 2. Marijo Sala
- 3. Bittor Carballares