Hamar zuhaitz gehiago gaurtik Eskoriatzan

Txomin Madina Milikua 2019ko urt. 27a, 15:40

22 ume jaio ziren iaz Eskoriatzan, eta horietako hamarren familiak animatu dira gaur goizean eguraldi txarrari aurre egin, Zuhaitz Egunean parte hartu eta lizarrak eta haltzak landatzera.

Hamabosgarren urtez, aurreko urtean herrian jaiotako umeen familiak zeuden deituak gaur Eskoriatzan egin duten Zuhaitz Egunean parte hartu eta arbolak landatzera. 22 haur jaio ziren bertan 2018an, eta horietako hamar familiak egin dute bat goizean izan den ekimenarekin.

Eguraldi txarrari kasurik egin gabe, Ibarraundi museoan elkartu dira guztiak antolatzaileen azalpenak jasotzeko. Handik joan dira zuhaitzak landatuko zituzten lekura, Arbiñoste eta Santa Marina artean dagoen lur eremura. Landaketa lanekin hasi aurretik baina, belardian zeuden txakur-kakak kentzea izan da egin beharreko lehen lana. "Jendeak uste du txakur-kakek ez dutela belarretan kalterik egiten, eta ez: zerrikeria bat izateaz gain, oso kaltegarria da",  salatu du Ibarraundi museoko langile Saioa Altzuak.

Lizarrak eta haltzak

Behin inguruak garbi samar utzi ostean hasi dira gurasoak, aitzurra eskuetan, zuhaitzak landatzeko lanetan. Bi arbola mota landatu dituzte gaur: lizarrak eta haltzak. "Landatzen ibili garen eremua erreka ondoan zegoen, eta bi arbola mota horiek oso ondo moldatzen dira era horretako leku batera", azaldu du Altzuak. Behin zuhaitzak bere lekuan jarrita, Luis Ezeiza eskolako konposta gehitu diete.

"Zuhaitz Eguneko landaketa sinbolikoa da, eta irudikatu gura duguna da zuhaitzek zer nolako garrantzia duten gure bizitzetan" gaineratu du, eta gustura azaldu da aurtengoak izandako erantzunarekin:  "Egin duen eguraldia ikusita, eskertzekoa da!".

Edurne Arkauz izan da gaurko Zuhaitz Egunean parte hartu duenetako bat. "Esango nuke euri zaparradarik handiena justu landatzeko orduan tokatu zaigula, baina berehala egin dugu. Ekimen polita da, ea zuhaitzek aurrera egiten duten!", esan du udaletxeko kontzejupean parte-hartzaileen talde argazkia atera eta zerbait beroa  hartzera joan aurretik.

Erlazionatuak

Eskoriatzako Zuhaitz Eguna, euripean

Txomin Madina Milikua 2019 urt 27 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak