Kantuan eginda ospatu dute aurten ere Urdelardero Eguna neska-mutikoek. Azken urteotan ez bezala eguraldia lagun izan dute eta 3 eta 7 urte arteko ume mordoa elkartu da kaleetan. Batzuk Aranburuzala aldera jo dute, eta besteak Intxaurtxuetarantz. Zaharren egoitzan ere izan dira. Eta herritarrek pozik hartu dituzte.
Aspaldiko ohitura da txorizo, sagar zein beste jaki batzuk zirian sartu eta kantuan ibiltzea. Sasoi baten galduta ere egon zen, baina ia 40 urte dira umeak kalera ateratzen direla. Hala, ohitura gal ez dadin ahalegina egiten dute ikastetxeek. Eta herritarrek ere eskertu dute ez galtzeko ahalegin hori.
Umeak pozik ibili dira kantuan, eta bukatutakoan, saritxoa izan dute plazan: txistorra mokadutxoa. Halaxe, egin diete Inauteriei ongietorria eskoriatzarrek gaur. Eta zapatura begira daude orain, mozorroak noiz jantziko zain.