Ekitaldiz gainezka dator Mugikortasun Jasangarriaren Astea Eskoriatzara

Mirari Altube Arrese 2014ko ira. 11a, 09:10

Mugikortasun jasangarriaren Europako astearekin egin du bat beste behin Eskoriatzako Udalak, zazpigarrenez dagoeneko, eta aurtengo leloa da: Kaleak hobetzea, horra gure aukera. Martitzenean, hilaren 16an, hasi eta 28a bitartean ekitaldiz betetako astea gertatu dute Ingurumen, Kirol eta Gazteria sailek elkarlanean.

Martitzenean, hilaren 16an, erretiratuek eta ikastetxeetako umeek bat egingo dute zaharren egoitzan Debagoieneko trenaren gainean Badiharduguk egindako bideoa ikusi eta kontu kontari jarduteko. Eguaztenean, hilaren 17an, ostera, bi ikastaro izango dira plazan: "Goitibeherak egiten ikasteko batetik. Horra doazenek, gainera, hilaren 21eko goitibehera lasterketan parte hartu ahal izango dute. Eta bestetik, bizikleta aparkalekuak egiteko, Udalak gordeta dituen apurtutako hesiak aprobetxatuta. Gero, herrian jarriko dira aparkaleku horiek", argitu du Saioa Altzua Ingurumen saileko kideak.

Egueneko protagonista bizikleta izango da. Islandian bizikletan egindako oporraldiaren berri emango du batetik Kepa Isasmendi eskoriatzarrak, eta Mikel Bringas donostiarrak bestetik, bizikletan zelan antolatu oporrak azalduko du.

Gosari osasuntsua ikasleei

Egubakoitzean gosari osasuntsua emango dute ikastetxeetan. "Horrekin bultzatu gura dugu era aktiboan joatea neska-mutikoak ikastetxera. Esnea, ogia, fruta eta york urdaiazpikoa banatuko dugu eta azaldu zein garrantzitsua den ondo gosaltzea", dio Altzuak. Eta arratsaldean bigarren eskuko bizikleta azoka egingo da plazan. Horretarako materiala kiroldegian dabiltza jasotzen.

Bukatzeko bi bizikleta irteera izango dira: domekan, hilaren 21ean, Urkulura martxa. Eta 28an, Landara, urtegiari bira ematera. Azken horretarako aurrez eman behar da izena kiroldegian.

Egitarau osoa

  • Irailak 16, asteartea

10:30ean: Bideo emanaldia: ”Debagoieneko trena” + tertulia. Zaharren egoitzan

  • Irailak 17, eguaztena


18:00etan: Goitibehera tailerra. Plazan.

18:00etan: Bizikleta aparkalekuen tailerra. Plazan.

  • Irailak 18, eguena


19:00etan: Hitzaldia: Oporrak bizikletan: Islandia. Mikel Bringas eta Kepa Isasmendi. Kultur etxean.

  • Irailak 19, egubakoitza


09:00etan: Gosari osasuntsua, aste guztian ikastetxera aktiboki joan direnentzako.

18:00etan: Bigarren eskuko bizikleta azoka. Plazan. Materiala irailaren 8tik 17ra jasoko da kiroldegian.

  • Irailak 20, zapatua


17:00etan: Goitibeheren jaitsiera. Apotzaga auzoan.

  • Irailak 21, domeka


10:00etan: Bizikleta martxa: Eskoriatza-Urkulu-Eskoriatza. Irteera, plazan.

Hamarretakoa egongo da Torrebason.

  • Irailak 28, domeka


09:30ean: Landako urtegiari bira bizikletan. Irteera, unibertsitateko aparkalekuan.

Izen ematea: irailaren 26a baino lehen kiroldegian (943 71 53 28 / kirolak@eskoriatza.net).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak