Maila goreneko saskibaloi partiduarekin ospatu zuten atzo Eskoriatzarrek herriko klubaren 50. urteurrena. Laboral Kutxa eta Gipuzkoa Basket taldeen arteko norgehiagoka urteurreneko ekitaldi jendetsuena izatea espero zen eta saskibaloi zaleek ez zuten hutsik egin.
Manuel Muñoz kiroldegian 500 zale inguruk Jaume Ponsarnauk gidatutako Gipuzkoa Basketen garaipena ikusi zuten; izan ere, donostiarrek 67-52 irabazi zuten bi taldeek jokatu zuten aurre denboraldiko lehenengo partidua.
Bi taldeetan etengabeko aldaketak egin zituzten, jokalarien artean minutuak banatuaz eta fitxaketa berriek taldearekin bat egiteko; besteak beste Taquan Dean eta Dani Diez donostiarren aldetik, eta Cotton Iverson eta Orlando Johnson gasteiztarren aldetik. Gipuzkoa Basketeko Diez izan zen partiduko jokalaririk onena 13 punturekin.
Ponsarnauk zuzentzen duen GBCk erakutsi zuen, oraingoz, taldea landuago dagoela. Marco Crespik zuzendutako Laboral Kutxak ordea baja dezente izan zituen; tartean Mundiala jokatzen ari diren Kim Tillie eta Thomas Heurtel. Hala ere, hirugarren laurdenera arte gogor aritu ziren gasteiztarrak eta jokaldi ikusgarriak utzi zituzten bi taldeek.
Hurrengoak prestatzen
Behin partidua amaituta, irribarretsu zeuden eskoriatzako klubekoak eta oso eskertuta agertu ziren Gipuzkoa Basket klubarekin, urteetan zehar eskainitako laguntza dela-eta. Behin atzoko ajea pasatuta, hurrengo ospakizunak prestatzeari ekingo diote, besteak beste kadete mailako Euskadiko saskibaloi txapelketa, emakumezkoen saskibaloi Euskal Kopa, eta areto futboleko partidu bat.