18:00etan abiatu da manifestazioa, Eskoriatzako bi puntutatik: Intxaurtxuetako partxisaren plazatik, batetik, eta Aranburuzabala kaleko autobus geralekutik, bestetik. Eta bi adarrek bat egin dute Fernando Eskoriatza plazan. Txilibituek lagunduta, aldarrikapen zaratatsua egin dute.
Antolatzaileen arabera, 100-200 bat herritarrek bat egin zuten protesta ekimen horrekin, eta emaitzaren balorazio positiboa egin dute, herritarren aurkako "presioek" halakoetan eragina dutelako, euren esanetan.
Igeldo eta Mutriku
Manifestazioaren amaieran, eta osoko bilkurara igo aurretik, komunikatua irakurri dute antolatzaileek, labur esanda, "herritarren berba errespeta dezaten" eskatuz eta joan den domekan abiarazitako atez ateko hondakinen bilketa sistema bertan behera utz dezaten aldarrikatuz.
Eta hori aldarrikatzeko, Igeldon egindako herri galdeketa eta Mutrikun egingo dena jarri dituzte adibide moduan, baita Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarren parte-hartzeari ematen dion garrantzia ere.
"Otsailaren 23an Eskoriatzan egindako herri galdeketako emaitza zuzenean alkateari ematea da helburua, herritarren parte-hartze zuzenaren adibide moduan, eta haien berba errespeta dezatela da guk gura duguna eta eskatu dioguna,", azaldu du Rafa Salidok, Eskoriatza Garbia plataformako kideak.