Elgeta izaten ari da 'Ruta al exilio' udaleku ibiltariko lehen geldiunea

Ibai Irasuegi Garai 2026ko uztailaren 17a

Gaur goizean Elgetako gimnasioan egindako gorputz-mugimenduen tailerra. Argaazkia: Goiena.

Elgetara iritsi ziren 'Ruta al exilio' hezkuntza-programako kideak eguazten arratsaldean, eta gaur igaroko dute azken gaua gimnasioan. Historia garaikidearen oroitzapena mantentzeko eta ezagutza kritikoa sustatzeko helburua duen udaleku ibiltaria da, eta, hamabost eguneko ibilbidean, lehen hiru gauetan, Elgeta izango da programaren lehen geldiunea; gaur izango da azken gaua herrian, eta Gernikara bidea hartuko dute bihar.

Estatu guztiko 16-17 urte bitarteko 40 haurrek eman dute izena 'Ruta al exilio' udaleku ibiltarian, eta hamalau begiralek koordinatuta, eguaztenean abiatu zen egitasmoa Bilbotik. Egunean bertan Elgetara heldu zen taldea, eta, bakoitza bere estera eta lo-zakuarekin, ibilbideko lehen hiru gauak herriko gimnasioan igarotzen ari da taldea. 

Elgeta da udalekuko parte hartzaileen lehen lo-lekua, eta egunotan hainbat jarduera egin dituzte 1936ko Espainiako Gerra Zibilaren bueltako testuinguru historikoarekin lotuta. Esaterako, atzo, eguena, lemoako lubakiak bisitatu zituzten, eta zapatura arte herri inguruan egongo dira hainbat tailer eta jarduera egiten: "Adibidez, gaur goizean, dantzarekin eta gorputz-mugimenduekin lotutako tailer bat egin dugu, eta parte-hartzaileei hainbat teknika erakutsi dizkiegu memoriarekin lotutako mezuak zabaltzeko", azaldu du Ander Villacianek, 'Ruta al exilio' proiektuko pedagogia arduradunak. 

Ruta al exilio udalekuko kideak, gaur, gimnasio kanpoan. Argazkia: Goiena. 

Historiaren kontakizuna bertatik bertara

Hain zuzen, bertakotasunean egiten du proiektuak azpimarra, eta "kontzientzia politikoa eta antifaxismoa sustatzeko" ibilbidean ikusiko dituzten memoria guneetara bertaratzea "oso garrantzitsua" dela adierazi du Villacianek: "Pentsatzen dugu aisiaren, tailerren, adierazpen artistikoen eta sormen bidezko ekintzen bitartez lortu dezakegula gazteek haien bizipenen bitartez sentitzea zer nolako garrantzia duten gure arbasoek sinisten zituzten ideia horiek defendatzea". 

Elgetatik Gernikara

Gaur Elgetan igaroko dute azken gaua, eta bihar goizean Gernikara abiatuko da taldea. Ondoren, Bizkaiako herrietan egongo dira astelehenera arte, eta jarraian Nafarroara joango da taldea. Ondorengo ibilaldian, besteak beste, Nafarroako Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekua edo Frantzia mendebaldeko Gurs herriko kontzentrazio-esparrua bisitatuko dituzte udalekuko kideek.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak