'Ruta al exilio' udalekuko 40 gaztek gimnasioa dute lo-leku, zapatura arte

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko uztailaren 16a

Ruta al exilio udalekuko kideak, atzo, iritsi berritan, Elgetako kantxan.  l.z.l.

Atzo arratsaldean heldu ziren Elgetara. Nork bere motxila, estera eta lo-zakua ekarri ditu eta barikuan egingo dute azken gaua kiroldegiko gimnasioan. Ruta al exilio izeneko udaleku ibiltariko kideak dira; 16-17 urte arteko 40 gazte eta apur bat nagusiagoak diren dozena bat hezitzaile. 36ko gerraren oroimenezko tokiak bisitatuko dituzte, bi astez, Elgetatik abiatuta.

Parte-hartzaileen jatorria askotarikoa da: Andaluzia, Kanariar uharteak, Katalunia, Extremadura... "Belaunaldien arteko arrakala dela-eta, urrunegi geratzen hasita zegoen historia berrienaren oroitzapena mantentzeko eta ezagutza kritikoa sustatzeko konbentzimendutik sortu genuen udalekua", azaldu du pedagogia arduradun Ander Villacian bilbotarrak. "Udalekuen zazpigarren edizioa da eta oroimen historikoa lantzeko proiektu pedagogiko antifaxista bat gara. Ideia da historia ezagutzea gertatu zen lekuetik bertatik".

Hiru gau Elgetan

Atzo ekin zioten udalekuari. Gogora institutuak Bilbon duen egoitzan elkartu ziren 2026ko parte hartzaileak lehen aldiz. Harrera ekitaldia egin zieten eta jarraian Elgetara mugitu ziren, gimnasioan lekua hartuz.

Kanpalekuko arauak errepasatu eta elkar ezagutzeko dinamikak egin zituzten kantxan. "Elgetan igarotako egunetan jorratuko ditugu 36ko gerrako testuingurua eta oroimen historikoarekin zein borroka antifaxistarekin lotutako hainbat kontzeptu. Baliotsuak izango dira hamabost eguneko ibilbidean bisitatuko ditugun memoria guneen garrantzia ulertzeko", azaldu du Villacianek.

Hala, Lemoako lubaki-gunea, Nafarroako Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekua edo Frantzia mendebaldeko Gurs herriko kontzentrazio-esparrua bisitatuko dituzte, besteak beste.

Aisialdi hezitzailea

"Aisitik beste mota bateko pedagogia egin daiteke. Gehienetan, ikasgeletan ikasitakoa ez da aski eta liburuetan irakurritakoa bertatik bertara ezagutzeko aukerak beste dimentsio eta kontzientzia maila bat ematen du. Eta ikasketa prozesu hori abentura giroko udaleku batzuetan eta zure adineko beste gazte batzuk ezagutuz egiten baduzu, zer esanik ez!", dio Villacianek.

Zapatuan emango diote amaiera Elgetako egonaldiari. Gernikan kokatuko dute hurrengo akanpalekua. 

Harrera-ekitaldia Gogora memoria-institutuan

Hainbat memoria-erakunderen babesa du ekimenak –tartean, Gogora memoria-institutua–, eta harrera-ekitaldia egin zioten aurtengo taldeari atzo Bilbon. Han izan ziren Justizia sailburu Maria Jesus San Jose, Espainiako Gazteriaren Institutuko zuzendari Margarita del Cisne eta Gogora institutuko zuzendari Alberto Alonso izan ziren harrera egiten.

Ruta al exilio udalekuko hezitzaile Anna Pastor, Del Cisne, San Jose eta Alonso, Bilbon.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak