ALBISTEAK

Julen Beretxinaga: "Feria eguna ez genuen galdu gura; baserritarrok gustuko dugu-eta egun horretan elkartzea"

Xabier Urtzelai 2026ko uztailaren 1a

Behi-aziendari eragiten dion dermatosi nodular kutsakorraren bueltako prebentzio neurriak direla eta, hainbat berezitasun izango ditu aurtengo Elgetako Ferixa Nagusiko ganadu azokak. Baina, egin egingo dute.

Kutsatze arriskua murrizteko oso zorrotza da behi-azienden mugimendurako eta garraiorako arautegia, eta debekatuta dago esplotazio desberdinetako abelgorriak elkartzea. Neurri horrek zuzenean eragiten zuen Elgetako ganadu ferian. "Idiak ekartzen dira esplotazio askotakoak eta hainbat etxetakoak, 40-60 etxetakoak. Neurria errespetatzeko aurten etxe bakarrekoak izango dira. Udal ordezkariekin ere egon ginen eta hala adostu, pena izango litzatekeelako feria-lekua hutsik izatea", adierazi du Julen Beretxinaga antolatzaileak.

Barrenenguako abelgorriekin batera azokan egongo diren gainerako animaliak ere herriko abeltzainenak izango dira: Jose Ramon Sarasuaren mandoa eta ahuntzak, Garbiñe Ormaetxearen ardiak, Roberto Basauriren behorrak eta astoak, Pello Bilbaoren ardiak eta ahuntzak, Etor Telleriaren ardiak eta astoak eta Iñaki Izagirreren ardiak eta ahuntzak. Badakite beste urte batzuetan baino ganadu gutxiago izango dela, baina elkar batzeko ahalegina egingo dute.

Gainera, behi-azienda guztiak herrigunera kamioian eraman beharrean, horietako zenbait oinez eramango dituzte plazara. Keinu bat izango da, abeltzainek bizi duten egoera gogorra gogora ekartzeko. Aurreikusten dute goizeko 10:30ak aldera iritsiko direla Elgetara.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak