Behi-aziendari eragiten dion dermatosi nodular kutsakorraren bueltako prebentzio neurriak direla eta, hainbat berezitasun izango ditu aurten domekako Ferixa Nagusiko ganadu azokak. Udalak antolatzen du, Agustin Beretxinaga elgetarraren laguntzarekin, eta, zailtasunak zailtasun, ganadu azokarekin aurrera egitea erabaki dute. "Egoera honekin, ez da erraza Elgetakoa moduko azoka antolatzea, baina Udalak dio garrantzitsua dela egiteari ez uztea; izan ere, urte bateko etenak eragin dezake egiteari uztea. Gertatu izan da beste leku batzuetan, eta hori saihestu nahi dugu", esan du Beretxinagak.
Kutsatze arriskua murrizteko oso zorrotza da behi-hazienden mugimendurako eta garraiorako arautegia, eta debekatuta dago esplotazio desberdinetako abelgorriak elkartzea. Gauzak horrela, erabakia izan da herriko abeltzainen animaliekin egitea ganadu azoka, eta abelgorri guztiak –ehun bat– ustiategi berekoak izango dira; hain zuzen ere, Barrenenguako Itsaso Antxiarenak. Idi pare bat izango da tartean.
"Behi-azienda guztiak kamioian ekarri beharrean, horietako zenbait oinez sartuko ditugu plazara", azaldu du Beretxinagak. Keinu bat izango da, abeltzainek bizi duten egoera gogorra gogora ekartzeko. Behi-azienda horien sarrera 10:30ean izango da, Kataitik.
Horrez gain, azokan egongo diren gainerako animaliak herriko abeltzainenak izango dira: Jose Ramon Sarasua –mandoa eta ahuntzak–, Garbiñe Ormaetxea –ardiak–, Roberto Basauri –behorrak eta astoak–, Pello Bilbao –ardiak eta ahuntzak–, Etor Telleria –ardiak eta astoak– eta Iñaki Izagirre –ardiak eta ahuntzak–.
50 bat postuko feria
Gainerakoan, 50 bat postu aurreikusten dira artisauen eta baserritarren azoka gunean. Gazta, ogia, gozoak, barazkiak, frutak, etxetresnak eta eskulanak izango dira salgai; tartean, herriko ekoizleenak. Horietatik, bost izango dira elgetarrak: Pili Arin, Omar Bitti, Sonia Miranda, Ikram Harraz eta Erlamako Jon Arantzeta.
Pilota jaialdia ere izango da domekan. Sarrerak salgai daude, bolatokian, 20 eurotan. San Fermin torneoko B serieko bi norgehiagoka izango dira. Kantxan izango dira Senar, Lizeaga, Amiano, Landa, Elordi, Aldabe, Salaberria eta Bikuña. Jaialdia 17:15ean hasiko da.