Frankisten erasoaldiak gelditu izana izan dute gogoan Intxortan, 89 urte geroago

Goiatz Arana Begiristain 2025ko urr. 6a, 16:27

Oroimen historikoaren hilabetea ari dira egiten urrian, Elgetan, udalaren eta Intxorta 1937 kultur elkartearen eskutik, eta zapatuan, urriaren 4an, izan ziren ekitaldi nagusiak: duela ia bederatzi hamarkada erasoaldiak hasi ziren egun berean, hain zuzen. 89 urte betetzen dira, aurten, Intxortako frontea ezarri eta frankisten lehen erasoaldiak gelditu zituztela.

Antzeztutako bisita gidatuarekin abiarazi zuten egitaraua, Andra Mari plazan; eta Mendizaleen plazan, Salbador ermitan eta Asentzioko lubakietan egin zituzten geldialdiak. Ikusle mordoa bertaratu zen eta, eguraldi ona bidelagun zutela, iraganeko zenbait pertsonaia ezagutzeko aukera izan zuten ibilbidean zehar, baita 1937ko erasoen errekreazio bat zuzenean ikusteko ere.

Behin bisita gidatu antzeztua bukatuta, ekitaldiaren momentua iritsi zen. Gaizka Morales elgetarrak dantzan egin zuen –lehenengo aldiz profesional moduan herrian, 18 urterekin kanpora irten zenetik–, eta Unai Telleria herrikide eta diseinatzailearen jantzi bat eraman zuen: modu askotara jantzi daitekeen eta ikurrinaren koloreak dituen kamiseta hirukoitz bat. Dantza zein jantzia espresuki sortu zituzten ekitaldirako, ilusio handiz, hitzorduaren berezitasuna kontuan izanik.

Datozen egunetarako ere bada ekitaldirik: Eñaut Elorrietak bakarkako emanaldia egingo du urriaren 10ean, Espaloian, 22:00etan. Jokin Oregi Sortwo artistak, berriz, horma-irudia egingo du, memoria historikoaren interpretazio zentroaren fatxadan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak