Hitzordurako propio sortutako dantzak borobildu ditu oroimen historikoaren hilabeteko ekitaldi nagusiak

Goiatz Arana Begiristain 2025ko urr. 4a, 16:20

Gaizka Morales Richard elgetarrak egin du dantzan, Unai Telleria herrikide eta diseinatzailearen jantzi berezi batekin; dantza zein jantzia espresuki sortu dituzte gaurko ekitaldirako. Intxortako Atean izan da, oroimen ekitaldiaren baitan. Antzeztutako bisita gidatua izan da aurretik; eta lore-eskaintza, ondoren.

Antzeztutako bisita gidatuarekin abiarazi dute egitaraua, Andra Mari plazan; eta Mendizaleen plazan, Salbador ermitan eta Asentzioko lubakietan egin ditu geldialdiak. Ikusle mordoa bertaratu da eta, eguraldi ona bidelagun zutela, iraganeko zenbait pertsonaia ezagutzeko aukera izan dute ibilbidean zehar, baita 1937ko erasoen errekreazio bat zuzenean ikusteko ere. 40 bat boluntariok parte hartu dute antzezpenean.

Memoria Historikoaren Batzordeko zinegotzi Jone Elkorok urtez-urte egitasmoarekin jarraitzearen garrantzia azpimarratu du: "Ez bakarrik gertatutakoa gogora ekartzeko eta gerrako biktimei aitortza egiteko; baita frankismoaren inpunitate ororekin amaitzeko eta justizia eskatzeko ere".

Gazte parte-hartzaile asko

Pozik azaldu da jende asko batu dela esanez, eta pozik hitz egin du, era berean, Intxorta 1937 kultur elkarteko Nerea Villak ere, antzeztutako bisita gidatuan parte hartu duen jende kopurua ikusirik: "Dezenteko parte-hartzea izan da. 40 bat antzezle izan ditugu, Euskal Herri osotik etorritakoak, eta herri bertakoak ere asko. Batez ere, gazteak izan dira, gainera, eta hori garrantzitsua da guretzako, eurei lekua uzten joateko".

Elgetako udalaren eta Intxorta 1937 kultur elkartearen eskutik ari dira oroimen historikoaren hilabetea egiten herrian; Intxortako frontea ezarri eta frankisten lehen erasoaldiak gelditu zirela 89 urte betetzen dira, aurten. Gaurko egunez, urriaren 4an, hasi ziren erasoaldiak: "Adierazi nahi duguna da bi bando egon zirela, eta bietan pertsona ezberdinak zeudela; agian, karlistak eta EAJkoak ez ziren elkarrengandik oso urruti egongo, baina bando ezberdinak aukeratu zituzten, eta estatu kolpe horrek errepublikaren ideologia guztia hautsi zuen. Hain zuzen ere, estatu kolpe bat izan zen, errepublikaren idealen kontra egindakoa eta, harrez gero, badakigu zer gertatu den. Hau gertatu daiteke berriz", azaldu du Villak. Eta erreparazioa eta justizia eskatzen jarraitu beharra dagoela gaineratu du: "Beti. Gainera, orain, egoera nola dagoen ikusirik Palestinan... Ukraina ere hor dago; kasu horretan inbasioa da, baina bestea...".

Profesional moduan, lehenengoz, herrian

Elgetakoa izanda, Gaizka Morales dantzariak ere ezagutzen du herriko historia, eta adierazi du, proposamena jasi zuenetik, ilusioz beteta prestatu duela gaurko hitzordua: "Oso modu organikoan gertatu da dena. Proposamena jaso nuenetik, kontziente nintzen testuinguruaren berezitasunaz, eta zentzua izango zuen zerbait egin nahi nuen. Musikan, janzkeran... pentsatzen hasi nintzen eta hortik bururatu zitzaidan ideia Unai Telleriarekin partekatzea. Ikurrinaren koloreak erabili nahi nituela azaldu nion eta modu askotara jantzi daitekeen kamiseta hirukoitz hau diseinatu zuen".

18 urterekin Elgetatik joan zenetik, Moralesek lehen aldiz egin du dantzan herrian, profesional moduan. "Oso polita izan da eta publikoa bizi-bizirik egon da" adierazi du.

Hurrengo hitzorduak

Eñaut Elorrietak bakarkako emanaldia egingo du urriaren 10ean, Espaloian. Jokin Oregi Sortwo artistak, berriz, horma-irudia egingo du, memoria historikoaren interpretazio zentroaren fatxadan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak