Atzo egin zuten Ixotzen kooperatibaren aurkezpena elgetan. 50 bat herritar elkartu ziren Enaitz Ezpeletak, Roberto Sanzek eta Debagoiena 2030eko Aritz Ameztegik esateko zituztenak entzuteko.
Elgetako energia berriztagarrien komunitateak Ixotzen du izena eta kooperatiba izaera du. Energia kooperatibako bazkide egiteko aukera dute orain elgetarrek. Hiru bazkidetza-mota daude aurreikusita: bazkide erabiltzaileak –izan pertsona fisikoak zein juridikoak–, bazkide langileak –epe motzerako baino gehiago epe luzerako aurreikusten direnak– eta bazkide laguntzaileak.
Azken kategoria horretan sartzen dira erakundeak eta enpresak, eta baiezkoa emana dute dagoeneko Udalak, Fagor Taldeak eta Elgetako Pagatza Taldeak.
Kontsumo-ereduen azterketa
Lehen proiektua frontoiko teilatuan 45 kilowatteko instalazio fotovoltaikoa egitea izango da. Egitasmoaren bideragarritasuna baloratzeko, interesatuen kontsumo-ereduen azterketa egin behar da. Udaletxean daude bete beharreko formularioak, baita labur.eus/ixotzen helbide elektronikoan ere.
Ixotzen kooperatibak aholkularitza eta formakuntza zerbitzua ere eman nahi ditu. Ez da beharrezkoa izango bazkide izatea zerbitzu horiek jasotzeko. Herritarren interesa neurtzeko, ordea, garrantzitsua da kasu honetan ere formularioak betetzea.