Elgetan Ixotzen energia komunitatea eratu dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko mar. 10a, 10:00

Ixotzen-eko Mari Karmen Larrañaga, Ana Gillegi, Enaitz Ezpeleta eta Mikel Elkoro.

Urri hasieran egin zuten Elgetako energia berriztagarrien komunitatea sortzeko lehenengo batzar irekia. Sei hilabete eta hamar lan bileraren ostean, kooperatiba izaerarekin eratu dute. Eguaztenean egingo dute jendaurreko aurkezpen-ekitaldia.

Espaloia kafe antzokian egingo dute Ixotzen kooperatibaren aurkezpena, eguaztenean, 18:30ean. Herrian energia berriztagarrien komunitatea sortzeko Elgetako Udalak egindako deialditik abiatutako prozesuaren ondorioa da Ixotzen-en eratzea. Talde eragileko kideek azaldu dute herritar guztiei zabalik dagoen egitasmoa dela, eta eguazteneko batzarrean orain arte egindako urratsen eta hartutako erabakien berri emango dutela. Hasiera batean Ixotu zen kooperatibarendako aukeratutako izena, baina Ixotzen izango da azkenean.

Sei hilabeteko lanketa

Urritik hona hamar lan-saio ireki egin dituzte, dozena bat lagunen parte-hartzearekin. Batzar horietan, formakuntza eta aholkularitza jasotzeaz gainera, energia komunitatearen helburuak zehaztu, izaera legala erabaki eta hasierako proiektuak zeintzuk izan daitezkeen adostu dute. "Herritarrak saretzea, kontzientziazio-lana bultzatzea eta autokontsumo partekatuko ekimenak martxan jartzea dira helburu nagusiak. Uste dut herritarrek probetxuzko informazioa atera dezaketela ekimen honetatik", azaldu du Ana Gillegik.

Kooperatiba izaeraren alde egin dute talde eragilean. "Diru ekarpen bat egin beharko da hasieran. Eguazteneko batzarrean emango dugu kooperatibaren funtzionamenduaren gaineko informazioa", jakinarazi du Enaitz Ezpeletak. "Horrekin batera, argituko ditugu autokontsumo partekatua eta halako kontzeptuak eta azalduko dugu zeintzuk izango diren lehen proiektuak".

Talde eragileko kideen ustez, ekimen berria interesgarria da energia herrian bertan sortzeari zein energia berriztagarriei lehentasuna ematen dieten herritarrendako. "Momentuan nahiko argi dugu lehenengo proiektua zein izango den, baina taldearen helburua bada bestelako aukerak ere aztertzea. Ez dakigu oraindik bulego formatua izango duen edo ez, baina badugu buruan herritarrei aholkularitza eta formakuntza zerbitzua ere ematea", gaineratu du Ezpeletak.

Instalazio fotovoltaikoa

Ixotzen kooperatibaren lehen proiektua Udalak frontoiko teilatuan eskainitako espazioan instalazio fotovoltaiko bat egitea da. "Dimentsionatuta duguna da 45 kilowatteko instalazio bat. Inguruko beste herri batzuetako datuak kontuan hartuta, 60-70 bat argi-kontagailu beharko genituzke proiektua bideragarri izateko, baina datuok Elgetako errealitatera ekarri behar dira. Horregatik, orain jakin behar duguna da interesik dagoen, eta zenbatekoa den", azaldu du Ezpeletak.

"Horrekin batera, interesa duten herritarren kontsumo-ereduak aztertu behar ditugu", azpimarratu du Mari Karmen Larrañagak. "Instalazio fotovoltaikoak eskatzen du energia sortzen den unean kontsumitzea; horregatik aztertu behar ditugu kontsumo-ereduak; jakiteko benetan nori komeni zaion".

Hala, interesa duten herritarrei eskatu diete argindar faktura batekin eta nortasun agiriaren kopia batekin bertaratzeko eguazteneko batzarrera. "Fakturak behar ditugu, jakiteko zein garaitan kontsumitzen den etxe bakoitzean", azaldu du Larrañagak. "Aholkularitza ezinbestekoa izango da", gehitu du Mikel Elkorok.

Proiektua autokontsumo partekatuan oinarritzen dela zehaztu du Larrañagak, eta ez dela beharrezkoa energia konpainia aldatzea. "Eta etxean ez da ezer berezirik jarri behar. Energia sortzen den unean kontsumitzen da, eta fakturan ez da agertu ere egiten".

Herriko hainbat eragilerekin eta enpresarekin izan dira harremanetan. Pozik dira hasiera batean jasotako erantzunarekin. Elgetako Udala, esaterako, bazkide laguntzailea izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak