Josu Horrilloren egokigailuarekin edozein taula skate-taula bihur daiteke. Hala, erruberak dituzten ardatz unibertsalak jar daitezke, eta taula zaharrei bizi berria eman edo negurako diren snow-taulak skate-taula bihurtu.
Egokigailuak balio du 14-33 zentimetro arteko edozein taularendako; Allen giltza batekin zabaltzen edo estutzen da eta autozentratu egiten da. 2021ean asmatu zuen Horrillok. Tarte honetan, patentatu eta homologatu egin du eta Gaztenpresarekin garatu du enpresa proiektua. Orain, Urrats Bat sarietarako aukeratua izan da, eta hilaren 16an egingo du defentsa. "Sari ekonomikoa baino gehiago interesatzen zait enpresa ezagutzera ematea", esan du Horrillok.
Berraondokoan dago Tgoki. Egokigailua izan zen abiapuntua, baina egurra, plastikoa eta metala lantzeko makinak dituzte eta egiten dituzte trofeoak, erretxinazko figurak, etxeko tresnetarako botoiak eta heldulekuak, litofaniak... "Imajinatzen baduzu, nik inprimatu egingo dizut", dio Horrillok, irribarrez.